Energia

Energiaren garestitzearen kontra egin dute protesta Bilbon

Ehunka pertsona bildu dira Ekologistak Martxanek antolatutako manifestazioan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2021eko urriaren 7a
21:26
Entzun

«Iberdrola, lapurrak» eta «energia publikoa» zioten oihu artean, manifestazioa egin zuten atzo iluntzean Bilboko Iberdrola dorretik. Ekologistak Martxan-ek deituta, hainbat talde, elkarte eta sindikatu atxiki zaizkie manifestaziora, eta ehunka pertsonak hartu zuten parte. Argindarraren publifikazioa eskatu zuten. Talde ekologistaren hitzetan, energiak «eskubidea» izan behar du, ez «negozio espekulatiboa».

Ahotsa urratuta ere, bozgorailuetatik jarraitu zuten «zuen mozkinengatik, gu ilunpean» eta «energiaren lapurrak kanpora» moduko lemak errepikatzen.

Argindarraren garestitzeari aurre egiteko «neurri eraginkor eta errealak» eskatu zizkieten «oligopolio elektrikoaren konpainiei», Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Energia faktura «egiturazko pobreziaren oinarrietako bat» dela salatu zuten, eta emakumeei eta mendekotasuna duten pertsonei pobrezia energetikoak gehiago eragiten diela. Talde ekologistaren ustez, «pilatutako fakturek» ezinezko egiten dute «bizitza duin bat garatzea eta zorpetzearen eta prekaritatearen gurpiletik ateratzea».

Energia merkatu osoaren berregituratzea exijitzen diote Espainiako Gobernuari, eta enkanteak alde batera utziko dituen sistema bat indarrean jartzeko. Horrez gain, beharrezko ikusten dute kostuen auditoria bat egitea, eta Madrili eskatzen diote parte hartze publiko handiagoa izateko REE sare elektrikoaren bitartez.

Pobrezia energetikoaren ondorioak leuntzeko neurrien beharraz aritu ziren. Bide horretan, Ekologistak Martxan-ek Eusko Jaurlaritzari exijitu zion ez uztea enpresa energetikoei egoera zaurgarrian dauden pertsonei hornidura mozten. «Hau ez da amaiera, hasiera baizik». Ohartu zuten manifestazioaren bukaeran. «Espoliazio honen aurka egingo dugun oposizioaren hasiera».

Gaur, itzalaldia
Protestara deitu zuten EH Bilduk, BNGk eta Kataluniako alderdi independentistek, argudiatuta prezioaren igoera «espekulazioaren» eta enpresa energetikoen «oligopolioaren» ardura dela. Pobrezia energetikoak Hego Euskal Herrian 188.000 pertsonari eragiten diela adierazi du EH Bilduk. Koalizioaren ustez, argindarra garestitu egin da pandemiak «babes sozial handiagoaren beharra» azaleratu arren. Itzalaldia eskatu dute 22:00etatik 22:30era, eta lapikoak jotzera deitu dute jendea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.