IMMIGRAZIOA

EBko hamabi herrialdek eskatu diote Bruselari papergabeen aurkako hesiak finantzatu ditzala

Austriak, Bulgariak, Ziprek, Txekiak, Danimarkak, Estoniak, Greziak, Hungariak, Lituaniak, Letoniak, Poloniak eta Eslovakiak uste uste dute hesiak babes neurri «eraginkorra» direla, eta «EB guztiaren intereserako» direla. Bruselak erantzun die ez duela gaizki ikusten hesiak altxatzea, baina horretarako batasunaren dirua erabiltzea ez dela «ideia ona»

Letoniako soldadu bat, Letonia eta Bielorrusia arteko mugan. VALDA KALNINA / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 8a
18:59
Entzun

EB Europako Batasuneko hamabi estatu kidek eskatu diote Europako Batzordeari finantzatu ditzala papergabeen aurkako «hesi fisikoak», batasunaren kanpoko mugak «babeste» aldera. Austriak, Bulgariak, Ziprek, Txekiak, Danimarkak, Estoniak, Greziak, Hungariak, Lituaniak, Letoniak, Poloniak eta Eslovakiak sinatutako gutunaren arabera, hesiak babes neurri «eraginkorra» dira, eta «EB guztiaren intereserako» dira; «ez soilik [migrazioa jasotzeko] lehen lerroan dauden estatu kideen intereserako».

Gutunean gehitu dute «zilegi» dela eskatzen duten neurria, eta EBk «modu gehigarrian» finantzatu beharko lukeela. Ylva Johansson EBko Barne komisarioari horri buruz galdetu diote, eta erantzun du ez duela gaizki ikusten hesiak altxatzea, baina ez dela «ideia ona» horretarako batasunaren dirua erabiltzea. «Estatu kideek mugak babesteko eskubidea eta ardura dute, eta nola egin erabakitzeko posizioan daude, batasunaren tradizioa errespetatuz egiten badute«, esan du. Nabarmendu du batasunaren izenean ari zela hitz egiten. Hori bai, ez dute aurrekontu bateratua horretara bideratu nahi, gutunaren sinatzaileek eskatu bezala, uste baitu beste neurri batzuetarako erabili beharko zela; esaterako, migrazio eta asilo itunaren erreformarako. Horren negoziazioak, ordea, blokeatuta jarraitzen du.

Hain zuzen, EBko estatuetako Barne ministroak Luxenburgon bildu dira gaur, migrazio bideen egoeraz hitz egiteko, eta ondoren mintzatu da Johansson. Brusela «kezkatuta» dago, gainera, hirugarren herrialde batzuek, kasurako Bielorrusiak, migrazioa helburu politikoekin erabiltzen dutela iritzita. Batzordeak ohartarazi zuen, duela gutxi, gero eta gehiago direla modu horretan jokatzen ari diren estatuak, eta klubeko kideak erantzutera deitu zituen.

«Migrazio fluxuen instrumentalizazioari erantzun berehalako eta eraginkor bat emateko, irtenbide europarrak behar ditugu berandu baino lehen», nabarmendu dute hamabi herrialdeek gutunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.