Albistea entzun

Argindarraren prezioa

Itzalaldi zaratatsua, argindarraren garestitzeaz protesta egiteko

22:00etatik 22:30era argiak itzali eta lapikoak astindu dituzte, Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoen deialdiari erantzunez.

Bilboko Zazpikaleetako protestaren une bat
Bilboko Zazpikaleetako protestaren une bat Komite Internazionalistak Tamaina handiagoan ikusi

Berria -

2021eko urriak 8

Gaur, 22:00etatik 22:30era, argiak itzali eta eltzeak astindu dituzte Euskal Herriko leku askotan, argindarraren garestitzearengatik protesta egiteko.

Larrabetzun (Bizkaia) zaratatsua izan da protesta.

Deustun, manifestazioan ibili dira, lapikoak astintzen.

Oñatiko (Gipuzkoa) udaletxeko argiak ere itzali dituzte. Iruñean ere, argindar konpainietatik deskonektatu lelopean bildu dira protestariak.

Zumaian zarata egiteko hainbat modu erabili dituzte, adarrak tartean.

Bilboko Zazpikaleetan bengalak erabili dituzte argitzeko, «Iberdrola lapurrak» oihukatzen zuten bitartean.

Agurainen ere (Araba), txaloz hartu dute kaleko hainbat argi itzuli dituzten unea.

Algortan (Bizkaia) Iberdrolaren bulegoaren aurrean bildu dira protesta agertzeko.

Barañainen (Nafarroa) ere argindar konpainietatik deskonektatzeko eskatu dute.

Eta Leitzako udalak (Nafarroa) ere bat egin du ekimenarekin, argi publikoak itzalita.

Llotja de Marreko adierazpena sinatu zuten Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako alderdi politikoek egin dute deialdia. Sindikatuei, eragileei eta mota guztietako elkarteei eskatu diete deialdiarekin bat egin eta zabaltzeko.

Deitzaileetako bat EH Bildu da, eta gaur, koalizioaren legebiltzarkide Gorka Oterok bideo bat argitaratu du sare sozialetan, argindarra zergatik ari den horrenbeste garestitzen azaltzeko, eta deialdiaren nondik norakoak azaltzeko.

Agiri batean laburtu zuten deitzaileek argindarraren garestitzea zer iruditzen zaien: «Konpainia elektrikoak aberasten ari dira, herritarrak pobretzen, eta Espainiako Gobernua ilunpean uzten ari da milaka etxe zaurgarri». EH Bildu, ERC, JxCat, CUP, Mes Mallorca, Mes Menorca eta BNG alderdiek bat egin zuten Llotja de Marreko adierazpenean.

Katalunian ere, argiak itzali dituzte hainbat udalek, Deltebrekoak eta Roquetesekoak, esaterako.

Argindarraren garestitzearen atzean «iruzur handi bat» ikusten dute alderdi horiek. PPk eta PSOEk argindarraren sektorea pribatizatu eta «merkatuaren esku» utzi zutela gogorarazi dute, eta alderdi horietako buru batzuek interesak dituztela elektrika horietan berorietan. Argindarrarekin espekulatu egiten dela eta uraren edo haizearen gisako ondasun publikoekin enpresa batzuen jabeak aberastea besterik ez dela bilatzen salatu dute.

Energia oinarrizko gai funtsezkoa dela nabarmendu dute, eta salatu dute enpresa handi batzuen jabeek «poltsikoak bete» dituztela haren kontura. Espainiako Gobernua, ordea, ez dute ikusten arazo horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko bidean. «Adabakiak» jartzen ari dela uste dute. Eta hori baino zerbait gehiago egiten ausartu denean, berriz, enpresek xantaia egin diotela, ez soilik gobernuari, baizik eta herritar guztiei. «Eliteen eta gehiengo popular eta sozialen artek pultsu baten aurrean gaude».

«Oligopolioaren eta haren mehatxuen aurrean», Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan «fronte komun bat» osatu behar dela iruditzen zaie Llotja de Marreko sinatzaileei. Nabarmendu dute hiru nazio horiek ez dutela modurik enpresa elektrikoei buru egiteko. «Gure parlamentuak eta gobernuak lotuta daude. Tresnak eta baliabideak ukatzen zaizkigu merkatuan esku hartu ahal izateko».

Argindarraren garestitzeari aurre egiteko moduak ikusten dituzte, botererik balute: gehienezko prezioak markatzea, tarifak zehaztea, araudiak zorroztea...«Subiranotasun energetikoaren falta oso garestia da galiziarrentzat, katalanentzat eta euskal herritarrentzat. Gure nazioen eraikuntzan, subiranotasun energetikora bidea egin behar dugu».

«Iberdrola, lapurrak»

Atzo ehunka pertsona bildu ziren, Bilbon, Ekologistak Martxanek antolatutako manifestazioan. «Iberdrola, lapurrak» eta «energia publikoa» zioten oihu artean, manifestazioa egin zuten Iberdrola dorretik. Ekologistak Martxan-ek deituta, hainbat talde, elkarte eta sindikatu atxiki zaizkie manifestaziora, eta ehunka pertsonak hartu zuten parte. Argindarraren publifikazioa eskatu zuten. Talde ekologistaren hitzetan, energiak «eskubidea» izan behar du, ez «negozio espekulatiboa».

Argindarraren garestitzeari aurre egiteko «neurri eraginkor eta errealak» eskatu zizkieten «oligopolio elektrikoaren konpainiei», Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Energia faktura «egiturazko pobreziaren oinarrietako bat» dela salatu zuten, eta emakumeei eta mendekotasuna duten pertsonei pobrezia energetikoak gehiago eragiten diela. Talde ekologistaren ustez, «pilatutako fakturek» ezinezko egiten dute «bizitza duin bat garatzea eta zorpetzearen eta prekaritatearen gurpiletik ateratzea».

Energia merkatu osoaren berregituratzea exijitzen diote Espainiako Gobernuari, eta enkanteak alde batera utziko dituen sistema bat indarrean jartzeko. Horrez gain, beharrezko ikusten dute kostuen auditoria bat egitea, eta Madrili eskatzen diote parte hartze publiko handiagoa izateko REE sare elektrikoaren bitartez.

Pobrezia energetikoaren ondorioak leuntzeko neurrien beharraz aritu ziren. Bide horretan, Ekologistak Martxan-ek Eusko Jaurlaritzari exijitu zion ez uztea enpresa energetikoei egoera zaurgarrian dauden pertsonei hornidura mozten. «Hau ez da amaiera, hasiera baizik». Ohartu zuten manifestazioaren bukaeran. «Espoliazio honen aurka egingo dugun oposizioaren hasiera».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

<b>Mitxel Lakuntza, atzo.</b> ELAko buruak aldarrikatu du grebak direla akordio onak lortzeko modurik onena. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azken bi urteetan oinarrizko elikagaien prezioa %25,2 igo dela kalkulatu du ELAk

I. M. E.

Sindikatuko ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko inflazioa %4,1ekoa izango da aurten. Euskal bankuen mozkinak %50etik gora igo dira
Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko arduraduna eta Igor Arroyo koordinatzaile orrokorra, atzo. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sozietateen gaineko zerga igotzeko garaia dela esan dio LABek Jaurlaritzari

I. V. G.

Salatu du egungo zerga ereduak langileen zama handitzen duela, eta zerbitzu publikoak ahuldu
Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...