Matxismoa

Osasunako jokalari batek partida batean jasandako irainak eta sexu mehatxuak salatu ditu

Larunbatean gertatu zen, Santanderren (Espainia). Etxeko taldeko presidenteak salaketa bat jartzeko asmoa erakutsi du. → Karolina Sarasua: «Espero dut, aurrerantzean, partidetan lehen iraina edo mehatxua entzun orduko jokoa geratzea»

Osasunako jokalariak, aurreko neurketa batean. OSASUNA
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 10a
15:22
Entzun

«Bortxatu egingo zaitut». «Altxa ezazu kamiseta titiak eta ipurdia erakusteko». «Zure amak zakila zurrupatzen dit». Osasuna B taldeko 17 urteko futbol jokalari batek eta bere taldekideek neurketa batean entzun behar izan zituzten irainetako batzuk dira. Biktimak berak zerrendatu zituen mehatxuak paper batean. Santandergo (Espainia) Nueva Montaña taldearen aurkako partidan gertatu zen, larunbatean.

Jokalariak sare sozialetan salatu du gertatutakoa, eta berehala zabaldu da. Erasotzaileak futbol zelaiaren kanpoaldean eserita zeuden bost gizonezko ziren. Irainak, gainera, norgehiagokako epaileari ere zuzendu zizkioten (emakumea zen hura ere).

Epaileak berak ere kontuan hartu zuen gertatutakoa neurketako akta idazterakoan. Hala eskatu zioten Osasunako ordezkariak eta gertakariak salatu dituen jokalariak. Horregatik idatzi zituen irainak paper batean, banan-banan: epaileari emateko. Erasotzaileetako batek, gutxienez, Nueva Montaña taldearen txandala zeraman soinean.

Osasunak gaitzetsi egin du gertatutakoa, eta eskerrak eman dizkio Nueva Montaña taldeko zuzendaritzari «izandako jarrera eredugarriagatik». Mateo Saenz Nueva Montañako presidenteak Euskadi Irratiari esan dionez, bihar bertan jarriko du salaketa bat erasotzaileen aurka.

Irakurri gehiago: Karolina Sarasua: «Espero dut, aurrerantzean, partidetan lehen iraina edo mehatxua entzun orduko jokoa geratzea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.