IRAK

Parte hartzea txikia izan da Irakeko hauteskundeetan: %41ekoa

Irakeko hedabideen inkesten arabera, Moktada al-Sadr xiiten buruzagi erlijiosoaren indarra da irabazteko faboritoa. Hauteskunde batzordeak esan du gaur emango dituela emaitzak.

Hauteskunde batzordeko kideak botoak kontatzen, Bagdaden. AHMED JALIL / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 11
13:46
Entzun

Irakeko Parlamenturako hauteskundeak egin zituzten atzo, eta, Hauteskunde Batzorde Gorenaren arabera, parte hartzea %41ekoa izan zen; hau da, parte hartzea hiru puntu jaitsi da 2018ko bozetakoarekin alderatuta (%44,5). 25 milioi inguru herritar zeuden bozkatzera deituta, baina bederatzi milioik pasak bozkatu dute, aurkeztutako alderdi guztiek bozkatzera joateko deia egin zuten arren, emaitzei sinesgarritasuna emate aldera. Nolanahi ere, abstentzioa nagusitu da.

329 eserleku dauzka parlamentuak, eta ia 170 alderditako 3.000 hautagai pasa aurkeztu dira bozetara. Hauteskunde batzordeak esan du gaur emango dituela emaitzak, baina Irakeko hedabideen inkesten arabera, Moktada al-Sadr xiiten buruzagi erlijiosoaren indarra da irabazteko faboritoa. Aurreikuspenak betetzen badira, 2018an lortutako garaipena errepikatuko luke, hortaz.

2019ko urrian herrialdean eztanda egin zuten protestek ekarri dute bozen aurrerapena —berez, 2022an egin beharko ziren—. Duela bi urte herritarrak kalera atera ziren, eta gobernuari enplegua eta hobekuntza sozialak exijitu zizkioten, besteak beste. Duela bi urteko urrian 700 bat pertsona hil zituzten herrialdean egindako mobilizazioetan. Protesten eraginez, Abdul Mahdi lehen ministroak dimisioa eman zuen, eta Mustafa al Kadhimik hartu zuen kargua.

Saddam Hussein herrialdeko buruzagia izandakoa 2003an hil zutenetik egindako bosgarren hauteskundeak dira, eta, orduz geroztik gertatu bezala, espero da talde xiitek gobernuan jarraitzea. Al-Sadr buruzagi erlijiosoaren asmoa da bai Iranen eta baita profil erlijiosoa ez duten buruzagien esku hartzea ere mugatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.