Elikagaiak

Hegoaldeko jatetxeek derrigorrez eskaini beharko dute sobera geratutako janaria eramateko aukera

Elikagaiak alferrik galtzea eragoztea asmo duen lege proiektu bat onartu du Espainiako Gobernuak. Elikagaiekin lan egiten duten sektore guztiei zuzendutako neurriak biltzen ditu.

Boluntario batzuk Bizkaiko Elikagaien Bankuan lanean, aurtengo apirilean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2021eko urriaren 11
19:48
Entzun

Zaborretara ahalik eta elikagai gutxien botatzea. Hori da Espainiako Gobernuak onartu berri duen lege proiektuaren helburu nagusia. Hainbat neurri biltzen ditu egitasmo horrek, elikagaiekin lan egiten duten sektore guztiei zuzendutakoak, produkzioan jarduten dutenetatik hasi eta jatetxeetara arte.

Besteak beste, legea onartzen bada behintzat, derrigorrezkoa izango da gaur egun ere hainbat jatetxek ematen duten aukera bat ematea: erabat jan ez den janaria etxera eramatekoarena. Aukera hori «modu argian» adierazi beharko dute kartetan eta menuetan, eta bezeroei ezingo diete zerbitzu hori kobratu.

Bestetik, elikatze katean parte hartzen duten enpresa guztiek janaria alferrik ez galtzeko prebentzio plan bana egin beharko dute, eta, horren bidez, erabili ez dituzten edo soberan dituzten elikagaiak Gobernuz Kanpoko Erakundeei edo elikagai bankuei eman. Neurri horrek eragingo dien eragileen artean daude catering enpresak, edota zahar etxeetako eta ikastetxeetako jangelak.

Alternatibak

Sobera geratutako elikagai horiek GKEei edo elikagai bankuei helarazteko, berriz, ostalariek eta enpresek hitzarmenak sinatu beharko dituzte haiekin. Guzti hori, noski, janari hori kontsumitzeko moduan badago.

Hala ez bada, alternatibak proposatu ditu Madrilek: konposta egiteko erabiltzea, animalientzako janaria egiteko erabiltzea edo biogasa sortzeko baliatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.