Erakundeak

Georgievak aulkiari eutsi dio, europarren presioari esker

Munduko Bankuko buru zela, Txinari mesede egiteaz akusatuta zegoen, baina NDFren ikerketak ez du erruduntzat jo.

Kristalinia Goergieva Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria. CLEMENS BILAN / EFE
xabier martin
2021eko urriaren 12a
18:41
Entzun

Munduko Bankuan zegoela Txinari emandako ustezko tratuak kinka larrian jarri du egunotan Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren kargua, baina Europako herrialdeei esker aulkiari eutsi ahal izan dio. Bi astez iraun duen ikerketan zortzi elkarrizketa egin ditu NDFk, eta bere zuzendariari babes osoa ematen dion ohar batekin itxi du ikerketa. Azken orduetan kargua galduko zuela ematen zuen, NDFk jakinarazi zuelako «laster» emango zuela ebazpen bat, Georgievari berari galdeketa egin ostean. Baina erakundean beste zuzendari bat nahi zuen herrialde taldeak, AEBak buru direla, atzera egin behar izan du Europako estatuen babesaren aurrean.

WilmerHale abokatu bulegoaren auditoretza batek duela hilabete ondorioztatu zuen Txinari aldeko tratua eman ziola Georgievak, Munduko Bankuaren txosten izarrean, Doing Business zerrendan. Bulegoak ziurtatu duGeorgievak «modu irregularrean» estu hartu zituela bere ardurapekoak, Txina zegokion baino gorago jartzeko sailkapenean. Herrialde bakoitzak negozioak egiteko ematen dituen erraztasunen arabera egiten dute sailkapen hori. Orain, berriz, akusazio horiek oinarririk gabekoak direla ondorioztatu du NDFk.

2019ko urriaz geroztik da Kristalina Georgieva (Sofia, Bulgaria, 1953) NDFko zuzendaria. Christine Lagarde frantziarraren lekukoa hartu zuen, Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentetzan jarri zutenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.