Argindar krisia

Jaurlaritza arduratuta dago balitekeelako enpresa gehiagok etetea beren jarduna argindarraren prezioarengatik

Argindarra ekoitzi eta banatzearekin loturarik ez duten tasa eta zergak behin-behinean indargabetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Sidenor altzairutegiak Basaurin duen lantegia. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 13a
14:02
Entzun

Eusko Jaurlaritza arduratuta dago argindarraren prezioak euskal gizartean eta euskal enpresetan izan dezakeen eraginarengatik. Jakina da Sidenor altzairutegiak hogei egunez etengo duela bera jarduna argindarraren prezioarengatik, eta, Jaurlaritzak dakienez, «enpresa bat edo bi baino gehiago» antzeko erabakia hartzea aztertzen ari dira, «siderurgia sektorekoak». Horri aurre egiteko, Jaurlaritzak zenbait neurri bildu ditu txosten batean, eta Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari. Tartean leudeke, esaterako, argindarra ekoitzi eta banatzearekin loturarik ez duten tasak eta zergak «behin-behinean» bertan behera uztea edota Espainiako Gobernuak ordaintzea.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuak azaldu du neurri hori. Esplikatu du tasa horiek argindarraren prezioaren %40-45 direla, eta horiek atzeratu edo indargabetzeak eragin zuzena izango lukeela enpresetan. Dena den, zehaztu du neurri horiek gizarte guztiaren fakturetan izango lukeela eragina, baina enpresa handiek gehiago nabarituko luketela ere, argindar gehiago kontsumitzen dutelako. Eskaera hori Espainiako Gobernuarekin eztabaidatu beharko luke, zerga horiek ezartzea estatuen esku baitago. Era berean, deia egin dio Europako Batzordeari neurri horiek ez ditzan hartu estatu laguntza gisa.

Tapiak ez ditu zehaztu txosteneko neurri guztiak, baina besteren bat aletu du. Esaterako, enpresa handien argindar kontsumoa ez dadila egon eguneroko enkantearen menpe. Haien kontsumoaren %60 inguru aurrez hitzarturiko prezio batean sal dadila iradoki du, «Europako beste herrialde batzuetan egiten den bezala». Haren ustez, argindar konpainiek onartu dezaketen doikuntza bat litzateke: «Espainian kontsumitzen den argindar guztiaren %10 baino gutxiago doa argindar asko behar duten enpresetara. Kontratu horiek prezio lehiakorragoetan luzaroan mantendu daitezke».

Jaurlaritzak, era berean, «energiaren herri itun» baten premia nabarmendu du, erakundeak, alderdi politikoak, argindar sortzaileak eta kontsumitzaileak batuko dituena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak kontsumitzen duten energiaren %8,6 baino ez dute sortzen, eta baliteke kanpoko iturriekiko menpekotasun hori ahulezia handia bilakatzea hurrengo urteetan. Horretarako, beharrezkoak dira energia gehiago ekoitzi eta gutxiago kontsumitzeko neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.