Lan gatazka

Petronorreko langileek aparteko 20.000 ordu egin dituzte enplegu erregulazioan egon arren

Langile batzordeak salatu du aparteko orduen legezko kopurua gainditu dutela, eta hori ohikoa dela findegian

Petronorreko langileen protesta ekintza bat. OSKAR MATXIN / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 14a
12:28
Entzun

Petronorreko langile batzordeak elkarretaratzea egin du gaur lan ikuskaritzak Bilbon duen bulegoaren aurrean, haien iritziz findegiak gainditu egin duelako langileek egin ditzaketen aparteko orduen kopurua. Javier Loza batzordeko buruak azaldu du urraketa hori ez dela berria, «urteroko kontua» dela, eta lan ikuskaritzak ez ikusiarena egiten duela. Ikuskaritzak negoziazio bidez konpontzeko arazoa dela esaten die langileei, «enpresari isunak jartzeko aukera baztertuta».

Batzordeak gogoratu du iazko urtarrilean hainbat greba egin ondoren enpresarekin akordio bat egin zutela, eta hark ez duela bete hitzemandakoa. Aparteko orduak gutxitzeko asmoz, 2021. urtea amaitu aurretik 75 langile kontratatzeko konpromisoa hartu zuen Petronorreko zuzendaritzak, baina gaur-gaurkoz 25 baino ez ditu kontratatu.

Aurten, gainera, aparteko orduen auzia are lazgarriagoa da batzordearen ustez, enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea ezarri duelako. Batzordearen arabera, langile guztien artean aparteko 20.000 ordu egin dira, eta hori, findegia bere ekoizpen ahalmenaren %60n izanda. Hala ere, Lozak nabarmendu bezala, egoera hori ez da berria: «Tamalgarria da iaz, COVID-19aren krisi betean, aparteko 31.000 ordu egin izana, eta 2019an 67.000. Urte hartan bi etenaldi tekniko egon ziren». Batzordeak aurreratu du ez duela gora begira gelditzeko asmorik, eta egoera salatzen jarraituko dutela. Ez dute baztertzen mobilizazio gehiagori ekitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.