Ardogintza

Araban kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo arteko kostua du

Aldundiak aginduriko ikerketa baten ondorio nagusia da. Upategien eta mahastizainen arteko negoziazioetan langa hori ezar dadin nahi du

Mahats biltzaileak saskiak sorbaldan hartuta, Luis Cañas upategiaren mahastietan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 14a
18:15
Entzun

Arabako Errioxan kilo bat mahats ekoizteak 70 eta 80 zentimo artean balio du, mahastiaren ezaugarrien arabera. Hori da Arabako Aldundiak mahastietako jardunnaren inguruan agindutako ikerketaren ondorio nagusietako bat. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak aurreratu du datu hori, eta Arabako Errioxako mahastizainen eta upategien arteko negoziazioetan erreferentzia gisa erabili dadin nahi du. Dena den, zehaztu du badirela prezio horretatik gora ordaintzen duten upategiak, eta haien eredua merkatu osora hedatzea nahiko luke.p>

Arabako mahastizainek atzo eman zuten aurtengo kanpainaren berri. Uzta ona izan da, 80 milioi kilo mahats inguru bildu dira, iaz baino bost milioi gehiago. Kalitatez oso ona izan da, iraileko eguraldiak mesede handia egin zielako mahastiei. «Mahats-bilketaren baldintzak oso onak izan dira, eta hori ardo bikainen ataria izaten da», aurreratu zuen Gonzalezek. Uzta ona izan da, baina ez arazorik gabea, eskulan gabeziak atzeratu egin duelako. Marokotik langileak ekartzeko traba burokratikoak egon dira, eta Espainiak eta Frantziako beste lurralde batzuetako bilketek Arabako Errioxakoarekin eta Errioxakoarekin bat egin dute.p>

Arazoak arazo, baina, mahatsa biltegietara iritsi da, eta orain dator hura saltzeko garaia. Mahastizainak kexu dira azken urteetan upategiek oso merke erosi dutelako, eta mobilizazioak egin dituzte prezio horiek salatzeko. Iragan irailean manifestazio jendetsua egin zuten Logroñon. Gonzalez berak adierazpen ugari egin ditu prezio duinagoak eskatuz, eta ikerketarekin oinarri zientifiko bat eman nahi izan dio mahastizainen aldarriari.p>

Baina, zenbatean saltzen da mahats kiloa? Errioxako sormarkak emaniko datuen arabera, iaz batez beste 0,63 zentimoan ordaindu zen mahats beltza eta 0,52 zuria. Prezio horrek Arabako Errioxako eta uzta Errioxako upategiei saltzen dieten Nafarroako mahastizaleei eragiten die. Azken horiek 700 inguru dira.p>

Pandemiak eragin zuzena izan zuen prezio baxu horretan, baina 2019an 0,85 euroan saldu zen mahats beltz kiloa, eta 0,95 euroan 2018an. 2017an, aldiz, 1,19 euroan saldu zen, baina urte hura salbuespena izan zen. Aurreko hiru uztetan 91, 87 eta 84 zentimoan saldu zen, hurrenez hurren. Eta hori ez da prezio hain baxua; Nafarroa sor-markako upategiek, esaterako, mahatsa 25 eta 40 zentimo artean erosi zuten iaz.p>

Kalitatea ordain dadilap>

Prezio hori, dena den, batez besteko bat da. Kalitate oso oneko mahastiek garestiago saltzen dute, eta horri egin zion dei Gonzalezek: «Mahatsa merezi duen bezala ordaintzeko, prezioak landaren eta mahatsaren araberakoa izan behar du.

Upategi batzuek eurotik gorako prezioan erosten dute kiloa, kalitate hori aitortzen dutelako». Mahastizainen eskaera da uzta jaso aurretik finkatu dadila prezioa, eta prezio horiek legez babestu daitezela. Negoziazio marko egonkorrak bilatzen dituzte, urtetik urterako gorabeheren menpe egon gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.