Harrobia

Pandemiak moteldu egin ditu

Bizkaiko Futbol eta Atletismo federazioek esan dute behera egin duela bi kirolotan federatu diren gazteen kopuruak. Uste dute gazteek beste ohitura batzuk hartu dituztela azkenaldian, pandemiaren ondorioz. Arraunera gazte gehiagok jo dute, baina fitxa kopurua antzekoa izango da aurten ere.

Bizkaiko Batel Ligaren 7. eta 8. jardunaldiak, 2019ko martxoan. Bizkaiko arraun taldeetako 500 neska-mutil batu ziren. BERMEO ARRAUN ARGAZKIAK
Natalia Salazar Orbe.
2021eko urriaren 15a
12:59
Entzun

Koronabirusak ohitura asko aldarazi zituen. Horietako batzuk berriz bueltatu dira beren onera, baina badirudi zailagoa izango dela beste batzuk lehengoratzea. Horietako bat da ume eta gazteek kirol arautura gerturatu eta federatzeko zuten joera. Duela aste batzuk Iñaki Gomez Bizkaiko Futbol Federazioko presidenteak esan zuen «futbolarien belaunaldi oso bat» galdu dela pandemiaren ondorioz. Orain, berretsi egin du klubetan taldeak eratzeko zailtasunak dituztela.

Arazoa ez da futbolera mugatzen, ordea; ohitura aldaketekin kezkatuta azaldu dira beste diziplina batzuetan ere. Beste batzuek, berriz —arrauna kasu—, fitxa gorakadarik ez dute izan, baina sumatu dute ume eta gazte gehiago gerturatu zaizkiela.

Gomezek esan du pandemiaren ondorioz «behera» egin duela izena eman duten ume eta gazteen kopuruak. Oraindik ez daukate datu zehatzik, futbolari gazteek klubetan izena emateko epea kasu batzuetan amaitu gabe eta beste batzuetan bukatu berri dagoelako. Hala ere, irmo mintzatu da presidentea: «Urte hau erabakigarria izango da. Ikusiko dugu zer-nola geratzen den izena emateko kontua, baina uste dut jokalari askok utzi dutela futbola».

Arazoa ez dute futbolean bakarrik. Atletismoan ere «ohi baino fitxa gutxiago» egin dituzte. Eta Isabel Idarraga Bizkaiko Atletismo Federazioko idazkariak azaldu du kirolari gazteek urtebete «galdu» dutela: «Kimuak urtebetetik gora egon dira ezer egin gabe, eta haur kategorian sartu dira jada; horietako batzuk kategoria horretako bigarren urtean, gainera; datorren urtean federatuak izango dira. Salto handia ematen dute bat-batean, behar bezala entrenatu gabe».

Praktikak, bertan behera

Egoera horren ondorioz, Idarragak uste du balitekeela gazte askok kirol praktika bertan behera utzi izana. «Urtebetetik gora egon dira ezer egiteko aukerarik gabe. Kadeteek ere hasieran ezin zuten ezer egin. Fitxa kopuruan beherakada nabari dugu. Eta pentsatzen dut antzera gertatuko zela eskola ume eta gaztetxoengan ere. Entrenatzeko modurik izan ezean, normala da».

«Gazteak ezin entrenatzerainoko egoera sortu dugu», hasi du azalpena Bizkaiko Futbol Federazioko presidenteak. «Ezin zuten jokatu. Eta beste ohitura batzuk hartu dituzte. Oso zaila da neguan entrenatzera joatea; esfortzu handiagoa behar da. Plazan lagun artean edo etxean Play-arekin jolasten egotera ohitu dira. Adin horietan beste gauza horietara ohitu ostean, kostatu egiten zaie berriz ere entrenatzen hastea».

Gomezek esan du kirol federatuari eragiten dion arazorik handiena kadeteen mailan nabarituko dutela, ziurrenik. «Klubetako presidenteek edo zuzendariek esan digute taldeak osatzeko arazoak dituztela». Oraindik fitxen kopurua zein den ez badakite ere, esan du kadeteen kategoriako talde asko desagertu egin direla jada. “Eta haur, kimu eta gazteengan ere beherakada nabari dute. Eskola kirola izanda, ezin dira eman datu zehatzak, baina denok daukagu irudipen hori».

Gomezek adierazi duenez, egoera horren ondorioz, futbol klubek aldatu egin behar izan dute taldeak eratzeko modua. «Aukeraketa egiten zuten lehen, jokalarien mailaren arabera. Orain ezin dute egin aukeraketarik: 22 ume edo gazte badatoz, denak batera hartzen dituzte».

Gomezek eta Idarragak esan dute pandemiaren ondorioz ezarritako neurri eta baldintzek entrenamendu eta lehiaketetarako prozesuak asko zaildu dituztela. «Konfinamenduaren ostean, entrenatzen hasi ziren, baldintza batzuk jarraituta», hasi du azalpena Bizkaiko Futbol Federazioko presidenteak. «Gero gelditu egin ziren, gero berriz ere entrenatzen hasi. Azkenean, entrenatzaileak kokoteraino zeuden, eta berriro geraraziz gero hau bukatu egingo zela esan zuten».

Gomezek gogora ekarri duenez, klubek martxan hasteko aukera izan zutenean, bete beharreko baldintzak «oso zorrotzak» ziren: «Seiko taldeetan entrenatu behar ziren. Ezin ziren entrenatu talde handiagoetan; beraz, ezinezkoa zen talde osoa batera entrenatzea. Oso gogorra izan da».

Atletismoan ere gorabehera asko izan dute. «Hasieran, ezin genuen probarik antolatu», esan du Idarragak. «Gero, aukera egon zenean, murrizketa handiak egon ziren; ezin zuten parte hartu nahi zuten guztiek». Gainera, proba baterako izena eman eta koronabirusak kutsatutako norbaiten kontaktua izanez gero, ezin zuten parte hartu. «Edo norberaren herria gune gorrian egonez gero ere [kutsatzeen intzidentzia tasagatik] ezin zen handik atera. Gauza bategatik edo besteagatik, oso baldintzatuta egon gara».

Futboletik, arraunera

Futbolean izan dituzten gorabeherak gazteak beste kirol batzuetara gerturatzea eragin du. Hala uste du Lourdes Garcia Bizkaiko Arraun Federazioko teknikariak. «Futbolik ez zegoenez, gazte batzuk arraun egitera animatu ziren». Hala ere, badirudi gauza desberdinak probatzeko saiakera besterik ez dela izan. «Praktikatu egin dute, baina ez dute egin fitxarik», adierazi du. «Gero, hilabete bat etxean; gero, berriro buelta entrenamenduetara; gero, berriro etxera…». Jarraitutasunik eza hori sufritu dute arraunean ere. «Orain, ez dakigu zer gertatuko den proba egin duten horiekin. Agian, futbolera bueltatuko dira berriro. Nire ustez, arraunlariei dagokienez, fitxa kopuru antzekoak izango ditugu». Gutxienez, uste du beherakadarik ez dutela izango.

Arraunean ere txapelketarik ez dute egin luzaroan haurren eta kimuen kategorietan. «Normala izan zen kadeteen iazko denboraldia». Eskola kirolean izan dituzte murrizketarik handienak kirol horretan ere.

Entrenatzeko aukera zabaldu zietenean, baldintza zehatzak bete behar izan zituzten haiek ere: «Uretan egiten genuen entrenamendu gehiago. Hamarrentzako ontzietan sei bakarrik ibiltzen ziren, leku desberdinetan eserita, distantziak mantendu ahal izateko. Eta musukoarekin beti». Ia-ia urte osoa egin zuten horrela, ekainera arte.

Garciak azaldu du aurten baldintzak normaldu egin direla. «Gimnasioan´ musukoarekin aritzen dira; baina, kalean, korrika egiteko, kentzeko aukera izan dute. Eta azkenaldian ez dugu izan elkarrekin entrenatzeko taldekide mugarik».

Hilabeteotako prozesua zaila izan dela esan du hark ere: «Zalantza asko izan ditugu, ez genekielako zer egin: ezin zuten lehiatu, baina helburua praktikatzea da. Beraz, gauzak aldatu eta egokitu egin ditugu». Motibazioa landu dute. Besteak beste, proba triangeluarrak antolatu dituzte. «Hiru buia erabilita, triangelu bat osatzen genuen, formatua aldatzearren. Lehiaketarik ezin zenez egin, era horretako probatxoren bat egiten genuen».

Arraunean ez dute nabaritu beherakadarik kirol praktikari dagokionez. Baina Garciak uste du hori ez dela izan ohikoena. «Orokorrean, nabaritu da. Gazte asko kontsolekin ari dira gehiago jolasten, eta beste gauza batzuk egiten hasi dira. Beraz, gero zailagoa izango da kirolera bueltatzea».

Pandemia, klubetan

Gomezek esan du pandemia egoerak denetariko ondorioak izan dituela klubetan. «Batetik, ezohiko gastua sortu die. Termometroak federaziotik eman genizkien. Hala ere, gehiago erosi behar izan zituzten. Gelak ere, beste horrenbeste. Zuzendaritza taldeek esfortzu handia egin behar izan dute jokalariek euren artean kontaktu handiegia izango ez zuten guneak zeintzuk izan zitezkeen bilatzeko. Zelaian antolatu beharra zegoen, seiko taldeak zirelako. Horrek ere eragin du motibazioa galtzea».

Bizkaiko Atletismo Federazioak domekarako antolatu du ikasturteko lehenengo krosa; Sestaon egingo dute. Ohi baino goizago hasiko dute aurten kros denboraldia. Eta horren ondorioz, Idarragak ez daki zenbateko parte hartzea izango duen. «Irailean ondo sartuta hasi ohi dituzte gehienek entrenamenduak. Baliteke kros honetara korrikalari gutxi gerturatzea, lehian hasteko goizegi dela irudituta. Ikusiko dugu azkenean zenbat gerturatuko diren».

Ohiko martxari ekiteko gogotsu daude denak. Osasun larrialdia bertan behera geratu ostean, «dena» aldatuko dela uste du Gomezek: «Publikoa zelaira sartu ahalko da; beraz, klubak bazkideei kobratu ahalko die. Ekonomikoki egoera jasanezina izan da. Espero dezagun normaltasuna berehala itzultzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.