Zerga bilketa

Iragarri baino 1.300 milioi gehiago bilduko dituzte EAEko ogasunek aurten

Zerga bilketa %9,6 handituko da iazko kalkuluaren aldean, eta datorren urtean ere kopuru hori handitzea espero dute: %4,6 handituko da.   

Finantzen Euskal Kontseiluko kideak, gaurko bileran. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2021eko urriaren 15a
15:58
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia susperraldi betean da. Hala berresten dute zerga bilketaren datuek. Ogasunek 15.580 milioi euro bilduko dituzte denera aurten, aurreikusi baino 1.328,8 milioi euro gehiago da hori (+%9,3). Datorren urteko aurreikuspenak ere onak dira, eta bilketa %4,6 handitzea espero da: 16.290 milioi denera.

Zerga bilketako gehigarri hori zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dutela azpimarratu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak gaur, Finantzen Euskal Kontseiluaren bileraren ostean. Sailburuaren hitzetan, bilketaren datuak onak dira, eta «lasaitasuna» emango die datorren urteko aurrekontuak egiterakoan. Izan ere, Azpiazuk azpimarratu du kontu horiek bereziki garrantzitsuak izango direla susperraldia egonkortzeko: «Euskadi suspertzeko funtsezko aurrekontuak dira, pandemiaren ondorioz galdutako maila berreskuratzeko balioko dutenak, bai eta atzerapenik gabe aurre egin behar diogun beharrezko eraldaketako ekonomiko eta sozialari bultzada handia emateko». Hamabost egun barru aurkeztuko du aurrekontu proiektua.

Aldundiak ere pozik azaldu dira bilketaren emaitzekin, eta baikor azaldu dira datorren urtera begira ere. Zuhurtzia eskatu dute, hala ere, hornikuntza krisia edo argindarraren prezioa «mehatxu» izan daitekeelako. Hain zuzen, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, energia enpresei mozkinak txikitzeko Espainiako Kongresuak atzo onartutako dekretuaren ondorioz, lurraldeak 30 milioi gutxiago jaso ditu zergetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.