Reala 1-0 Mallorca

Ospakizuna betea izan da

Realak 1-0 irabazi dio Mallorcari azken unean, Lobetek sartutako golari esker. Txuri urdinak lider jarri dira. Bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu dute, epaileak bi txartel hori erakutsi baitizkio Aihen Muñozi

ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 16a
23:14
Entzun

Festa eguna iragarrita zegoen Anoetan, eta hala izan da. Realzaleek apirilean Sevillan irabazitako Espainiako Kopa bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Gainera, sufrituta bada ere, taldeak hiru puntuak ere eskaini dizkie. Izan ere, Imanol Alguacilen taldeak 1-0 irabazi dio Mallorcari, azken unean Julen Lobetek sartutako golari esker, eta lider jarri da. Merituzko garaipena izan da, bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu baitu Realak.

Partida aurretik Mikel Oiartzabalek eta Asier Illarramendik altxatu dute Kopako garaikurra, inguruan taldekideak zituztela, eta zaleen txaloen artean. Hasieran ez da aparteko aukerarik izan. 16. minutura arte Realak ez du Mallorcaren atean arriskurik sortu. Robert Navarrok altu egin du errematea, Januzajekin jokaldi on bat lotu ostean.

Txuri-urdinak partidaren agintea eskuratuz joan dira, baloi jabetza baliatuz. Baina denboraldi honetan behin baino gehiagotan gertatu zaien bezala, argitasun askorik gabe. Mallorca aise zebilen horrela. LuIs Garciak zuzentzen duen taldearentzat saria zen berdinketa. Gebara eta Merino ondo itxiak dituzte, eta hala Realari kostatu egiten zaio aukerak sortzea. Merinok eta Robert Navarrok egindako bi jaurtiketa izan dira txuri-urdinen bi jokaldirik arriskutsuenak. Baina lehenengoa ondo geratu du Merinok, eta bigarrena kanpora joan da.

Atsedenaldia iristear zela geratu dira lehen zatiko bi gauzarik aipagarrienak. Batetik, epailek baliorik gabe utzi du Isaskek buruz sartutako gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Bestetik, Aihen kanporatu du, 45. minutua betetzear zela, bigarren txartel horia atera eta gero, zelai erdian Ruiz de Galarretari egindako sarrera batengatik. Txistu zaparrada jaso du Gonzalez Fuertes epaileak.

Bigarren zatian joko eskasa

Atsedenaldian bi aldaketa egin ditu Imanolek. Gorosabel eta Zubimendi zelairatu ditu, Navarroren eta Gebararen ordez, taldeari sakontasun eta hauspo handiagoa emateko asmoz. Baina lehen minutu horietan Mallorca hobea izan da, eta gertu izan du gola. Baina epaileak baliorik gabe utzi du Angelen gola.

Imanol Alguacilek arriskatu egin du. Sorloth eta Lobete zelairatu ditu, eta horrek Mallorca behartu du urrats bat atzera egiteRa. Hala, partida hozten joan da. Hori zen Realak nahi zuena, bisitarien lehen minutu horietako indarra geratzea zen.

Partida grisa zihoan. Baina Imanolek maiz esan ohi du: «Irabazten ez denean, gutxienez berdindu». Azken 10 minutuak falta ziren, eta Realak kontrolpean zuen neurketa. Konforme zirudien berdinketarekin. 90. minutua bete berritan iritsi da zoramena Anoetara, Lobeteren golarekin, Zubimendiren pase on baten ostean, eta ondoren berriro ere Kopa atera eta ederki ospatu dute jokalariek eta zaleek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.