Bera Bera 27-27 Paris 92

Bera Berak berdindu egin du Paris 92ren aurkako joaneko neurketa

Europako Ligako bigarren kanporaketako lehen partida jokatu dute gaur Donostian. Super Amara Bera Berak bizpahiru golen errentak izan ditu bigarren zatian, baina erasoan ez du asmatu azken-azkenean.

Cardoso, gaur, zazpi metroetako jaurtiketa bat botatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 17a
14:25
Entzun

Parisen erabakiko da Super Amara Bera Beraren etorkizuna Europan. Donostiarrek gaur jokatu dute Europako Ligako bigarren kanporaketako joaneko neurketa Paris 92 indartsuaren aurka, eta etxekoek argi utzi dute badutela Europako talderik indartsuenekin lehiatzeko maila. Garaipena gertuago izan dute porrota baino, eta azkenean 27na berdindu dute.

Lehen minutuetatik egin dio aurre Bera Berak frantziarren indarrari. Talde ikusgarria du Paris 92k; fisikoki etxekoak baino handiagoak eta indartsuagoak dira, eta Nadia Offendal danimarkarrak bikain zuzentzen du haien erasoko jokoa. Horri aurre egiteko, eraso landuak eta bat baten aurkako jokoa baliatu ditu Bera Berak, eta, lehen zatian, Mariane Fernandesek sartutako golak izan dira nabarmentzekoak.

Bigarren zatiko lehen minutuetan hartu dute aurrea etxekoek. Imanol Alvarezek aulkian eseri du Fernandes, eta Malena Cavok hartu du ardura erasoan. Argentinarrak min handia egin du Parisen defentsaren erdialdean, jokalari handiagoen aurka, eta Sara Gili ere hainbat baloi heldu zaizkio hegalera. Cardoso fin ibili da zazpi metroko jaurtiketetan, eta Maddi Aalla atezainak ere erantzun du une erabakigarrietan.

Azken hamar minutuetan, ordea, erasoan ideiak amaitu zaizkie etxekoei. Aurretik zirela bizpahiru baloi galdu dituzte, eta Paris 92k azkar berdindu du neurketa kontraerasoei esker. Azken minutuetan egonkortu egin da markagailua, eta, azkenean, berdinduta amaitu dute. Parisen erabakiko da kanporaketa.

Super Amara Bera Bera: Alice Silva eta Maddi Aalla (atezainak); Arrojeria, Fernandes (6 gol), Gil (4), Menendez (1), Boada (3), Laura Hernandez, Cavo (1), Maitane Etxeberria, O'Mullony (2), Cardoso (4), Loidi (1), Polonio (4), Ainhoa Etxeberria (1) eta Mirene Moreno.

Paris 92: Serdarevic eta Gabriel (atezainak); Cissokho (2 gol), Thouvenot, Flippes (2), Fofana (3), Lassource (3), Chauveau, Sajka (3), Offendal (5), Fofana (2), Niombla (4), Nkou eta Resende (3).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.