Bielorrusia

Bielorrusiako Gobernuak Frantziako enbaxadorea kanporatu du

Herrialde hartako hedabideen arabera, Nicolas de Lacoste diplomazialaria ez da formalki aurkeztu Lukaxenko presidentearen aurrean, Frantziak ez baitu haren zilegitasuna onartzen.

Alexandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Atzerri ministro Vladimir Makei (ezkerrean), irailaren 16an. ERRUSIAKO ATZERRI MINISTERIOA
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 18a
08:10
Entzun

Frantziak Bielorrusiarako izendaturiko enbaxadorea herrialdetik kanporatu du Minskeko Gobernuak. Iaz izendatu zuen Nicolas de Lacoste kargu horretarako, eta atzo utzi zuen herrialdea. Izan ere, Aleksandr Lukaxenkoren gobernuak gaur arteko epea eman zion Bielorrusiatik ateratzeko.

Frantziak, Europako Batasuneko beste hainbat herrialdek bezala, ez du ontzat eman Lukaxenkoren seigarren agintaldia, presidentetzarako bozetan iruzurra egin zuela leporatuta. Bielorrusiako hedabideen arabera, diplomazialaria kanporatzea erabaki du Minskek, Lacoste ez baita formalki aurkeztu Lukaxenkoren aurrean. Iazko abenduan, kargura heldu zenean, Bielorrusiako Atzerri ministro Vladimir Makeirekin bildu zen.

Albiste agentzien arabera, Lacostek enbaxadako langileak agurtu zituen atzo, eta bideo bat grabatu zuen Bielorrusiako herritarrentzako mezu batekin.

Europako Batasunak hainbatetan esan du ez duela uste abuztuko hauteskundeak libreak eta garbiak izan zirela. Bruselak hainbat zigor ezarri dizkio Lukaxenkoren Gobernuari.

Lukaxenkok Errusiaren sostengua du, eta martxoan Letoniako enbaxadako langile guztiak kanporatu zituen, herrialde horrek Bielorrusiako oposizioak erabiltzen duen bandera erabili baitzuen nazioarteko izotz gaineko hockey txapelketa batean.

EBren zigorrak

Bielorrusiako 40 goi agintariri zigorrak ezartzea onartu zuen EB Europako Batasunak iazko urriaren 2an, eta, hamar egun geroago, zigor horiek berresteaz gain, goi agintari gehiagori ere zigor horiek ezartzea adostu zuten 27 estatukideek. Agintari zigortu horien artean dago Lukaxenko presidentea.

Alemaniak proposatu zuen zigorrak areagotzea, eta gainerakoen baiezkoa lortu zuen, Atzerri Gaietarako Europako Kontseiluaren bilkuran.

Josep Borrel EBko diplomaziaburuak esan zuen Bielorrusiako agintariek ez zutela «inolako keinurik» egin herrialdeko krisi politikoaren inguruan elkarrizketarik sustatzeko. Beraz, lehen zigorrak ezarri eta hamar egunera, jarrera gogortzea erabaki zuen EBk. «Hauteskundeak ez ziren libreak izan, ezta garbiak ere», adierazi zuen EBk, eta Lukaxenkoren presidentetzak «zilegitasun demokratiko gabeziak» dituela. Horrez gain, Kontseiluak gaitzetsi egin zuen Lukaxenkoren gobernuak «manifestari baketsuen kontra» erabili duen «indarkeria», eta «modu arbitrarioan atxilotutako» pertsonak aske uzteko exijitu zuen; horien artean, «preso politikoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.