Energia

Madrilek bere promesari eutsi dio: 2018koaren parekoa izango dela argindarraren prezioa

Industria elektrointentsiboaren eta konpainia elektrikoen arteko itun bat espero du «egun gutxian» Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak.

Teresa Ribera ministroa, Bilbon, gaur. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2021eko urriaren 18a
16:08
Entzun

Aurreko astean onartu zuen Espainiako Kongresuak argindarraren dekretua indarrean jarraitzea, ezkerreko botoei esker, eta, ondorioz, Iberdrolari eta argindar ekoizleen oligopolioa osatzen duten beste lau konpainiei beren irabazien murrizketa nabarmen bat ezarri die Pedro Sanchezen gobernuak. Zerutik eroritako irabaziak esaten dioten gainsari hori itzuli beharko dute 2022ko martxoaren 31 arte: 2.600 milioi, hasieran egindako kalkuluen arabera; orain, kopuru hori handiagoa gerta daiteke, argindarraren prezioak gora eta gora jarraitzen duelako.

Bada, garestitzeak ez badu etenik ere, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak eutsi egin dio bere gobernuaren promesari: 2021aren bukaeran kontsumitzaileek ez dutela pagatuko 2018an baino gehiago argindarraren truke; orduko prezioaren parekoa ordainduko dutela, alegia. Horrekin batera, berretsi du bonu soziala duten kontsumitzaile zaurgarriek deskontu handiagoa izango dutela. Sanchezen ahotsez helarazitako promesa da 2018ko argindar prezioa izango dutela kontsumitzaileek 2021aren bukaeran, eta, datozen hauteskundeei begira, agindutakoa betetzeak ala ez betetzeak pisu handia izan dezake.

Ituna enpresentzat

Baina argindarraren dekretua onartuta ere, ez zaizkio bukatu arazoak Sanchezen gobernuari, esparru horretan. EAJk abisu argia eman dio Kongresuan, abstentziora joaz, Iberdrolak euskal industriari egindako mehatxua dela eta. Eusko Jaurlaritzak eta Confebask patronalak konponbide bat nahi dute industriarentzat. Sidenorrek hogei egunez geratuko du ekoizpena urte bukaera arte, eta haren atzetik enpresa gehiago etor daitezke antzeko neurriekin, energiaren prezioei aurre egin ezinda.

Konpainiek esan dute bezero handiekin zituzten luzerako kontratuak bertan behera utziko dituztela, eta prezio berriak (askoz garestiagoak) aplikatuko dizkietela. Gainsariak itzularazten dizkieten dekretuaren aurkako presio neurriak ondorio jakin batzuk izan ditu, beraz, eta Madril irabazien murrizketa hori ez aplikatzeko prest dago, altzairutegiek eta beste industria batzuek dituzten kontratuetan itun bat egiten badute konpainia elektrikoek. Riberak «egun gutxi barru» espero du akordio bat.

Ministroak azaldu duenez, argindarra ekoizpen kostuaren %60tik gorakoa duten enpresek beren argindar beharren %20 lortzen dute soilik, kontratu luze eta prezio finkoen bidez. «Zatirik handiena handizkako merkatura joaz lortzen dute», esan du ministroak; «hor dago alderik handiena Europako industriarekin: haiek kontratu luzeagoak dituzte konpainiekin, eta prezio egonkorrekin». Arazo hori konpontzeko Iberdrolarekin eta industria elektrointentsiboarekin negoziatzen ari direla jakinarazi du Riberak, «gasaren prezioaren gorabeherak alde batera uzten dituzten eskaintzak egon daitezen industriarentzat». Trukean Madrilek ez luke aplikatuko gainsarien murrizketa kontratu horietan.

Espainiako ministroak zehaztu du «bakarrik konpainia batek» igorri dizkiola gutunak industriari, ohartaraziz ez dituela orain arteko argindarren prezioak errespetatuko. «Uste dugu ekinbide hori gelditu egin dela», esan du Riberak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.