Emakume indigenak

Indarkeria matxista amaitzeko eskatu dute Latinoamerikako emakume indigenek

Liman egin dute Abya Yalako Emakume Indigenen bigarren batzarra. Nazio Batuen Erakundeko Foro Iraunkorrera eramango dituzte aldarrikapenak.

Latinoamerikako emakume indigenen hainbat ordezkari, joan den ostiralean, Liman. PAOLO AGUILAR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 19a
11:30
Entzun

Peruko hiriburuan bilduta egon dira astebetez Latinoamerika osoko emakume indigenen ordezkariak, Abya Yalako Emakume Indigenen bigarren batzarrean. Orotara 650 ordezkari inguru bildu dira Liman, eskualdeen arteko aliantzak eraiki eta euren eskubideak bermatuko dituen agenda bat adosteko. Batzarrak egindako eskaeren artean daude patriarkatuaren aurkako politikak bultzatzea eta indarkeria matxista amaitzea: «Ez gaituzte gizakitzat hartzen, objektu sexualtzat baizik. Gobernuek, Elizak, eta gizarte zibilak ez dute gure gorputzen gainean erabakitzeko eskubiderik», aldarrikatu du Lourdes Huancak, Peruko Emakume Nekazari, Indigena Artisau eta Soldatapekoen Federazioko presidenteak. «Patriarkatuak hil eta bortxatu egiten du. Askotan esaten da ohitura dela herri indigenetan aitak, anaiak edo ilobak neskak bortxatzea; baina hori ez da kultura, hori eskubideen urraketa da».

Patriarkatuaren eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriez gain, baina, bestelako eskariak ere adostu zituzten foroan. Besteak beste, elikadura subiranotasuna bermatzea eta indigenen antzinako botikak «errespetatu eta baloratzea». Horri lotuta, batzarra Peruko Gobernuari mintzatu zitzaion, eta eskatu zion emakume indigenen beharrak ere aintzat har ditzala Pedro Castillo presidenteak bultzatutako bigarren nekazaritza erreforman. «Patriarkatuaren aurka egin behar du erreformak. Emakumerik gabeko erreforma ez da benetako erreforma».

Txilek eta Boliviak hasitako bideei jarraituz, emakumeen eta batez ere neska gazteen eskubideak bermatuko dituen konstituzio berri bat idazteko beharra ere aldarrikatu zuen Peruko emakume indigenen federazioak. «Peruk herri indigenekin duen zorra kitatzeko lehen urratsa litzateke konstituzio berri bat idaztea». Aldarrikapen horiek guztiak NBE Nazio Batuen Erakundeko Foro Iraunkorrean aurkeztuko ditu batzarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.