Europako funtsak

Eusko Jaurlaritzak mugikortasuna, datuak eta terapiak lehenetsi ditu

Nadia Calviño ministroak lehentasunezko hiru proiektu hautatzeko eskatu zien erkidegoei, eta Eusko Jaurlaritzak mugikortasun berria, trantsizio digitala eta osasun terapia aurreratuak lehenetsi ditu. 1.854 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da haientzat, eta 648 milioi Europako funtsetatik lortu nahi dira.

Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia, Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA
Irune Lasa.
2021eko urriaren 19a
14:57
Entzun

Mugikortasuna, datuak eta terapia aurreratuak. Ardatz horietan oinarritutako hiru proiektu zabal aurkeztuko ditu Eusko Jaurlaritzak Madrilen, Europako funtsetatik 648 milioi euro erakartzeko asmoz, eta Espainiako Ekonomia ministro eta presidenteorde Nadia Calviñoren eskariari erantzunez. Hiru proiektu estrategikoetarako 1.854 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu Jaurlaritzak.

Espainiako Gobernuak hainbat bide ditu zabalik Europako funtsak banatzeko, eta orain gutxi eskualde mailako proiektuentzako nolabaiteko beste leihatila bat zabaldu zuen Calviñok, erkidegoei gutuna bidali zienean bakoitzari eskatuz hiru proiektu estrategiko hautatzeko, traktoreak izan daitezkeenak haien lurraldeko ekonomiarentzat.

Berez, Eusko Jaurlaritzak eskualde mailako proiektu estrategikoak (bederatzi egitasmo) jada zehaztuta dauzka Next Euskadi programan. Baina orain, Calviñori aurkezteko nolabaiteko aukeraketa bat egin du, neurri handi batean birdefinizio bat. Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburuak hori azaldu du gaur Gobernu Kontseilu osteko agerraldian. «Ez dira proiektu berriak», zehaztu du; «jada bazeuden Euskadi Next programan. Egin dugun bakarra haiek berriz biltzea izan da, integratzea. Eta saiatu gara koherentzia pixka bat ematen ekimenei, kontuan izanda haiek enplegua eta enpresa sortzeko duten trakzio ahalmena».

Sailburuak azpimarratu duenez, aukeraketa horrek ez du esan nahi Euskadi Nexteko beste proiektuak ez direnik garatuko edota Europako funtsik ez dutenik izango. «Lan egingo dugu guztiak aurrera eraman daitezen, bai ekimen publikoarekin, bai ekimen publiko-pribatuarekin; Next Generationeko deialdi guztietara aurkeztuko dira, eta izango dute Jaurlaritzaren eta aldundien finantzaketa propioa, eta baita oso beharrezkoa izango den finantzaketa pribatua ere».

Calviñori aurkeztuko dizkioten hiru proiektuek Europako funtsik jasoko duten ala ez eta jasotzekotan zenbat diru lor dezaketen noiz jakingo den galdetuta, Arantxa Tapiak erantzun du ez dakiela. «Datarik ez dakigu, baina, kontuan izanda Europatik datozen baliabide horiek jada jasota daudela Estatuko Aurrekontu Orokorretan, espero dugu urtea bukatu aurretik seinaleren bat izatea». Sailburuak gaineratu du orain arte egindako bilera eta harremanetan proiektuok harrera «oso positiboa» izan dutela Madrilen.

Hiru proiektuak

Calviñori erantzunez Eusko Jaurlaritzak aurkeztuko dituen hiru proiektuak:

Basque Mobility: 750 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu estrategiko honen helburua euskal industria mugikortasun berri, autonomo, konektatu eta jasangarrian kokatzea da, bi ikuspegi landuz. Batetik, digitalizazioa eta mugikortasun konektatu eta autonomoa garatzea da asmoa, BasqueCCAM LABen koordinaziopean. Hor, garapen industrialez gain, mugikortasun berriari lotutako produktu eta zerbitzuak probatu eta balioztatzeko moduak landu nahi dira. Horretan, gainera, lurralde bakoitzak, espezializazio bat eskain dezake: Gipuzkoako errepide sarea, adibidez, mugaz gaindiko mugikortasuna lantzeko laborategi egokia izan daiteke; Bizkaiak, berriz, jada abian duen simulazio sistema hobetu dezake, 5Gn oinarritutako teknologiekin.

Mugikortasuna eta jasangarritasuna lotuta, berriz, erkidegoaren proiektu izarretako bat barneratzen da Madrilen aurkezteko proiektu estrategiko honetan: bigarren belaunaldiko bateriak egiteko Basquevolt gigafaktoria.

Datuaren ekosistema: Trantsizio digitalaren inguruko egitasmo nagusiak bildu ditu Jaurlaritzak proiektu estrategiko honetan, eta haietarako 405 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du. Hemen doaz Industriarako Adimen Artifizialeko Europako Zentroaren egitasmoa (165 milioi euro); Data Center (117 milioi euro), industria zibersegurtasuneko zentroen garapena (49 milioi euro), eta konputazio kuantikoaren potentzialtasuna lantzeko asmoak (74 milioi euro).

Basque Advanced Therapies: 462 milioi euroko inbertsioarekin, proiektu estrategiko honetan lau egitasmo doaz zerrendatuta, terapia aurreratuen ingurukoak guztiak. Batetik, asmoa dago genetika eta biomedikuntzako laborategien azpiegitura handitzeko, terapia pertsonalizatuen ingurukoak lantzeko. Bestetik, Osasunberri proiektua dago, COVID-19aren pandemia eta etorkizuneko pandemiak kudeatzeko diagnostiko soluzioak eta terapiak bilatzen dituen proiektu integrala. Osasunberri partzuergo gisa antolatu da, eta Nafarroako Gobernuak ere parte hartzen du egitasmoan. Hirugarren asmoa da Arabako nodo farmazeutikoa garatzea, eta laugarrena, besteak beste terapia genikoa, zelularra eta tisularra garatzen dituen Gipuzkoa Advanced New Therapies bultzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.