Argindarra

Iberdrolak uko egin dio berriztagarrien enkantean parte hartzeari

"Araudiaren ziurgabetasuna" dela eta, ez da joan enkantera, ezta Endesa ere, eta Espainiako Gobernuarekin duen sokatira bere hartan dagoela islatu du gertaerak. Ribera ministroak esan du megawatt-ordua 60 euro dela arrazoizko prezioa.

Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan. FERNANDO VILLAR / EFE
xabier martin
2021eko urriaren 19a
15:57
Entzun

Argindarraren prezioa merkatzeko dekretua dela eta, konpania elektrikoak nor baino nor gehiago ari dira Espainiako Gobernuarekin, eta sektoreko buruek, Iberdrolak eta Endesak, beste urrats bat egin dute Pedro Sanchezen gobernuarekin duten sokatiran: ez dira azaldu gaurko berriztagarrien enkantera. Bizkaiko konpainiak esan du enpresa elektrikoen gainsariak itzularaztera derrigortzen dituen dekretuak "araudiaren ziurgabetasuna" dakarkiola, eta inbertsioen nondik norakoak ere "berraztertzen" ari dela. Alegia, Madrilgo gobernua estu hartzeko estrategiarekin jarraitzen du Ignacio Sanchez Galanen konpainiak. Bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Confebask patronala zain daude industriaren kontratuetan noiz egingo den itun bat prezio egonkorrak bermatzeko.

Iberdrolak eta Endesak gerran jarraitzen dute gobernuaren aurka, beraz. Naturgy, berriz, joan da enkantera, eta 221 megawatteko adjudikazioa lortu du. Nolanahi ere, ez dago albisterik euskal industria elektrointentsiboak eskatu duen itunaren inguruan. Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa akordio bat lortu nahian ari da enpresa elektrikoekin. Industriaren kontratuetan, gasaren garestitzeak eragindako gainsariak ez lituzkete zertan itzuli konpainiek, dekretuak arautu duen moduan, betiere elektrointentsiboekin "arrazoizko prezioak" adostuko balituzte.

Bada, Ribera ministroak zehaztu die jadanik konpainia elektrikoei zer den arrazoizko salneurria: 60 euro megawatt-ordua. Beren prezioak maila horretan kokatzen dituzten konpainiei ez die aplikatuko irabazien minorizazioa. Madrilgo prentsak kaleratu duenez, Ribera bost ekoizle handiekin batzartu da, eta helarazi die non dagoen langa beren irabaziei ez aplikatzeko gainsariak itzularazteko neurria. Ikusteko dago orain negoziazio horrek emaitzak ematen dituen aurki, eta euskal industriak lortzen ote duen argindarraren garestitzea bridatu eta lehiakortasuna ez gehiegi galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.