Bilketa

Irailera arte, iaz baino %19,8 gehiago bildu dute Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Ogasunek 10.821,7 milioi bildu dituzte zergetan, iazko epe berean baino 1.790,6 milioi gehiago. Egingarria dela ematen du Finantzen Euskal Kontseiluak 2021erako ezarritako helburua betetzea: 15.578,8 milioiko bilketa.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatua eta Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendaria. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
xabier martin
2021eko urriaren 19a
16:41
Entzun

Urtarriletik irailera ia %20 gehiago bildu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, hau da, 1.790,6 milioi gehiago, eta, urtea amaitzeko hiru hilabete falta diren honetan, egingarria dela ematen du aurreko asteko Finantzen Euskal Kontseiluak ezarritako bilketa helburua betetzea, 15.578,8 milioi euro biltzea, dagoeneko 10.821,7 milioi bildu baitituzte aldundiek.

Birusari aurre egiteko hartutako neurriak arindu ahala suspertu da ekonomia, eta, horrekin batera, baita zerga bilketa ere, iraileko datuak adierazten duenez. Bilketak gora egin du Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan, eta modu bertsuan gainera. Araban %21,2 egin du gora; Bizkaian, %20; eta Gipuzkoan, %18,9.

Ehuneko horiek handiak dira, baina kontuan hartu behar da 2020. urtea pandemiak gordinen jotako urtea izan zela, eta horrek azaltzen duela alde hain handia. Ekonomia eta enplegua suspertzen ari dira aurten, nahiz eta Eustatek EAEko BPGari buruz emandako azken hiruhilekoaren eboluzioa aurreikusi baino dezente apalagoa izan den. Konparazio baterako, 2019ko urtarriletik irailera, aurten bezainbeste bildu zuten ogasunek kasik: 9,3 milioi gutxiago hain zuzen. Horrek esan nahi du irailera arte behintzat pandemia aurreko bilketa maila gainditu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.