Reala

Arroyo: «Talde ona dugu, ilusioa pizten duena»

Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak adierazi du Realaren proiektuan sinesten duela, eta azpimarratu horren parte izaten jarraitu nahi duela. Goiko postuetan egon nahi du.

Natalia Arroyo Realeko teknikaria, Levanteren aurkako neurketan. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 20a
14:45
Entzun

Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak topaketa egin du hedabideekin, eta patxadaz eta zintzo aritu da: iraganaz, orainaz eta etorkizunaz. Anbizioa eta grina sumatu dira giroan: «Talde gaztea dugu, ona, ilusioa pizten duena. Talde bat gara, indibidualtasunetatik harago».

Uda korapilatsuaren inguruan ere hausnarketa egin du, eta aitortu du ez zela aldi erraza izan: «Batzuek kontsideratu zuten beren helburuak ez zirela egokitzen gureekin, gure joko ideiarekin edo taldean zuten rolarekin». Adierazi du «zarata» egon zela, eta horrek min egin ziola: «Jendea posizionatu egin zen». Taldea kudeatu egin behar zela nabarmendu du: «Denek nahi zuten hamaikakoan egon, guztiak ziren gai, eta dena jokatu ezin izanak agian rol protagonista hori beste toki batzuetan bilatzera eraman zituen». Uste du gertatutakoak jokalariaren helburu pertsonalekin duela zerikusia.

Tentsio uneak egon ziren: «Barne lehia handia zegoen». Horrek entrenamenduetan maila handia egoteko modua ematen zuen, baina, aldi berean, hamaikakoa esaterakoan, guztiak ez zeuden kontent. Aitortu du ziurrenik ez dela jokalariekin erosoen sentitu zen sasoia izan; berdin alderantziz. «Baina irabazten genuen».

Momentu zailak pasatu dituen arren, argi du: «Kontzientzia lasai dut». Nabarmendu du proiektuan «ilusioa» duela oraindik ere, eta inoiz ez duela planteatu kluba uztea. Denboraldi baterako sinatu zuen Arroyok talde txuri-urdinarekin, beste sasoi baterako luzatzeko aukerarekin; bigarren denboraldia osatzen ari da aurten, ezarritako helburuak beteta. Eta azpimarratu du: «Ez dut nahi dudan guztia egin Realean». Hala, kontratua berritzeko irekita agertu da. Klubak duen proiektua luzerako dela aitortu du, eta adierazi babestuta sentitzen dela. «Honen parte izaten jarraitu nahi dut».

Udan hamar jokalarik taldea utzi ostean, zalantzak piztu ziren Realaren inguruan. Arroyoren taldeak, baina, berehalakoan uxatu ditu, liga hasiera ikusgarria eginda. Horri balioa eman dio entrenatzaileak. «Lasaitu gaitu. Talde bat gara».

Jokalariak proiektuaren parte izateko gogoz daudela azpimarratu du, eta funtsezkotzat jo du hori. «Futbolistikoki banekien ausartak izango ginela. Oso ondo ari gara. Talentu handia dago, eta hobetzeko gogoz daude».

Jokalari gutxiko taldea duen arren, ez du «beldurrik» denboraldiari begira; harrobiko jokalariak hor daudela dio, eta behar izanez gero haien aldeko apustua egingo duela. Abantailak ere aurkitu dizkio gutxi izateari. Goiko postuen lehian egon nahi du Realak, Txapeldunen Ligako txartelaren borrokan.

Bide horretan, Amaiur Sarriegiren eta Nerea Eizagirreren rola azpimarratu du. Sarriegiren bilakaerari buruz galdetuta, teknikariaren arabera, gakoa izan da harekin «pazientzia» izatea. «Denborarekin, lortu zuen konektatzea, eta egokitu eta konfiantza hartu zuen. Jokalari serioa da, zorrotza eta profesionala, eta aukera aprobetxatzen ari da».

Etenaldia

Asteburu honetan ez da jokatuko ligako jardunaldia. Selekzioen neurketak direla eta, etenaldia dute. Realeko bederatzi jokalari joan dira selekzioekin. Arroyok esan du entrenamenduetarako mugatu egiten duela haien guztien hutsuneak, eta Reala B-ko jokalariekin osatzen saiatzen direla. Haientzat aukera izan daitekeela dio. Eta jokalariekin lan pertsonalizatuagoa egiteko ere balio duela. Gogoratu du etenaldi asko daudela aurten, eta batzuetan «kostatu» egingo dela. Baina hau dio: «Taldea ondo dago, gogotsu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.