Albistea entzun

Historia

Baieztatu dute bikingoak Amerikan egon zirela Kolon baino 500 bat urte lehenago

Ternuan aurkituriko hainbat eraikinetako egurra aztertuta, ondorioztatu dute duela 1000 urte bazegoela han Eskandinaviako jendea. Eguzki ekaitz bati esker jarri ahal izan dute data zehatza.

Bikingoen bilkura etxe bat birsortuta, L'Anse Aux Meadowsen, Ternuan.
Bikingoen bilkura etxe bat birsortuta, L'Anse Aux Meadowsen, Ternuan. D. Gordon E. Robertson Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko urriak 21

Zientzialariek baieztatu egin dute Islandiako sagek (Erdi Aroko hitz lauzko kondairak) kontatzen dutena: bikingoak bazebiltzan Amerikan Kristobal Kolon baino hainbat mende lehenago. Eta data zehatza jarri diote egonaldiari: 1021. urtea.

Ternuako iparraldeko lurmuturreko L'Anse aux Meadows (Marmoken Badia) aztarnategiak eman du gakoa. Bikingoek eraikitako herrixka baten aztarnak daude han. Sagek kontatzen dute Leif Eriksson esploratzaile islandiarra (970–1020) Vinland deituriko eremu batera heldu zela. Erik Gorriaren semea zen Eriksson, eta aitaren urratsei jarraitu zien, hark bi kolonia ezarri baitzituen Groenlandian.

L'Anse aux Meadowseko aztarnategia 1960an topatu zuten, eta 1978an Unescok Munduko Ondare izendatu zuen, besteak beste, Amerikan topaturiko bikingoen aztarnategi bakarra delako. Orain arte, ez dute jakiterik izan zehazki noiz eraiki zuten. Zortzi eraikin dira denera, zotalezko estaldurarekin. Groningeneko (Herbehereak) unibertsitateko ikertzaileek eguzki ekaitz bati esker jakin dute data zehatza, eta Nature aldizkariak atzo argitaratu zuen haien ikerketa.

Orain arte, sagak interpretatuta, ondorioztatua zuten 1000. urte aldera heldua zela Eriksson Ternuara, karbono 14aren bitartez eginiko azterketek ez zutelako behar bezalako emaitzarik eskaini. Groningeneko zientzialariek beste ikuspegi bat erabili dute azterketa egiteko. Jakina da eguzki ekaitzek aztarna uzten dutela zuhaitzen hazkuntza eraztunetan, eta hori erradiokarbono aztertuta ikus daitekeela. Mundu osoko zuhaitzak aztertuta, jakin izan da 993. urtean halako ekaitz indartsu bat egon zela.

L'Anse aux Meadowseko eraikinetako hiru egur puska hartu dituzte orain azterketa egiteko. Izei eta ipuru zuhaitzekin bikingoek eginikoak dira. Badakite eskandinaviarrek landutakoak direla, tresna metalikoekin jorratu izanaren zantzuak baitituzte (mozketa zuzen eta zorrotzak, esaterako), eta Amerikako orduko biztanleek ez zutelako metalgintza ezagutzen.

Hiruretan dago eguzki ekaitza haren aztarna, eta, zantzu hori duen eraztunaren ondoren, beste 29 eraztun sortu zirela ikusi dute. Beraz, ondorioztatu dute egurra 1021. urtean moztu zutela, Kolon Karibera heldu baino 471 urte lehenago, alegia.

Bi laborategi independentetan (Groningenen eta Mannheimen, Alemanian) eginiko azterketek emaitza berbera plazaratu dute.

«1021eko urtea da daukagun data ziur bakarra frogatzeko europarrek Kolonen bidaiak baino lehenago zeharkatu zutela Atlantikoa», idatzi dute zientzialariek. «Areago, hiru zuhaitzetako emaitzek urte berean kointziditzea nabarmentzekoa da, eta ustekabekoa».

Hainbat galdera dago oraindik airean: noiz arte iraun zuten bikingoek Ternuan? Noraino esploratu zuten hegoaldera? Ikertzaileek adierazi dutenez, orain, behintzat badago data zehatz bat egutegian, etorkizuneko ikerketak ainguratzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Emakume informatikari erreferenteak behar dira»

Unai Etxenausia

II. Gladys saria jasoko du gaur Perez de Viñasprek. Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du informatikan. Nabarmendu duenez, gustatzen zaizkion ikerketak egiten aritu nahi du aurrerantzean ere.
Txikiren ama Antonia Maria Manot, haren semearen hiletan. ©BERRIA

Ez ahanzteko ariketak

Gotzon Hermosilla

Natalia Ginzburg idazleak testu bat argitaratu zuen garai hartako prentsan 1975eko irailaren 27ko fusilamenduen harira. Orain, testu hori euskarara ekarri du Josu Zabaletak; itzultzaileak FRAPeko hiru kondenatuak ezagutu zituen espetxean.
Fusilamenduen 40. hurrenarekin batera Vigon herri-harpidetzaz ezarritako iragarkia. ©INFO.NODO50.ORG

Fusilaturik isilgordeena, Garcia Sanz

Miel A. Elustondo

1975eko irailak 27 beti. Frankismo garaiko azkeneko bost fusilatuak. Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Baena, Txiki, Otaegi. Haien ondoan militante ez gutxi, heriotzara kondenatuak izanak, zigorra kommutatuak. Askoren artean, Manuel Blanco Chivite. Bizi-bizirik du egun haietako oroitza samina. Ilun beltzaren muturrerainoko bidaia. Azkena.
Imelda Staunton aktorea, Elizabeth II.aren paperean, <em>The Crown</em> telesailean. ©NETFLIX

Netflixen sasoi berria: zaharrak berri

Enekoitz Telleria Sarriegi

AEBetako plataformak bere telesailak eta filmak aurkeztu ditu Tudum ekitaldian: 'The Crown'-en itzulera eta 'The Witcher'-en prekuela, esaterako

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...