Sturm Graz 0-1 Reala

Realak 0-1 irabazi du Sturm Grazen aurka

Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian.

Realeko jokalariak Isakek sartutako gola ospatzen. CHRISTIAN BRUNA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 21a
23:13
Entzun

Neurketa garrantzitsua jokatu du Realak Europa ligan. Lehen bi jardunaldietan berdinketa erdietsita, puntuen premia zuen talde txuri-urdinak. Ez zen hil edo biziko neurketa, baina komeni zitzaion hirunaka batzen hastea. Gainera, ustez, multzoko aurkaririk ahulena zuen parean: Sturm Graz Austriako taldea. Bada, ez du kale egin. Irabazi egin du Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak, eta olatua hartu du txapelketan aurrera egiteko asmotan. 0-1 gailendu da, bigarren zatian Isakek sartutako gol bati esker.

Lehen minutuetan estutzen hasi da Reala. Presio handia eginez, erasokor eta bizi. Isakek izan du aurreneko aukera garbia, bederatzigarren minutuan, baina atezainak ondo urrundu du. Austriako taldea ez da kikildu, eta indar handiz aritu da. Partida nahasia zihoan, gorabehera askorekin. Irekita zegoen lehia, eta Realak ez zuen jokoaren kontrola hartzen. Teorian faborito ziren txuri-urdinak, baina ez zebiltzan aise berdegunean. Lehen zatian Imanolen jokalariei kostatzen ari zitzaien zelai erdiaren jabe izaten, eta Sturm Graz ere jokoari abiadura sartzen ari zen. Ausart aritu da etxeko taldea.

Neurketak erritmo handia zuen. Mikel Merino eta David Silva jokalarien parte hartze handiagoa behar zuten donostiarrek, arnasa hartzea. Hain zuzen, Silvaren presentzia izan da ezusteko nagusia hamaikakoan; lesiotik osatuta, hasieratik aritu da kanariarra.

Ez dira guztiz ongi aritu aurreneko zatian. Gainera, Martin Zubimendik min hartu du, eta Imanolek aldaketa egin behar izan du halabeharrez, hogeigarren minutua bete aurretik. Ander Gebara sartu da haren ordez.

On egin dio atsedenaldiak Realari, eta partidaren gidoia aldatu da. Ondo zelairatu da Reala, eta bigarren zatia hasi eta berehala zutoinera bota du baloia Merinok. Eman du abisua Realak. Jokaldiak lantzeari ekin dio, eta beste arrisku zantzu batekin iristen hasi da. Gertuago zegoen txuri-urdinen gola, eta Isakek eman du kolpea, 68. minutuan. Aurrelariaren jaurtiketa ez da oso indartsua izan, baina atezainak kale egin du, eta hanka tartetik pasatu zaio baloia; hiru puntu balio duen oparia izan da.

Realak markagailuari eutsi behar zion, besterik ez. Eta lortu du, gehiegi sufritu gabe. Multzoko beste partidan, berriz, 1-2 irabazi dio Monakok PSV Eindhoveni. Hala, bigarren itzulian erabakiko da dena. Sturm Grazek punturik gabe segitzen du, eta apenas duen sailkatzeko aukerarik.

Giro beroa egon da gaur Austrian. Sutsuak dira Sturm Grazeko zaleak, baina txuri-urdinek ere 600 lagunen hauspoa izan dute, eta nabaritu dute horien bultzada. Gozoa izango da bueltako hegaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.