Enplegua

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %8,9ra jaitsi da

2010. urtera egin behar da atzera horren tasa txikia ikusteko. Hirugarren hiruhilekoan15.900 langabe gutxiago daude bigarrenean baino. Okupatuen kopurua handitu egin da, 9.300 pertsonatan.

Zerbitzuen sektorean hasi da gehien okupazioa. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2021eko urriaren 22a
11:21
Entzun

Udako hilabeteak eztiak joan dira enplegu datuentzat, eta aspalditik, 2010. urteaz geroztik, ikusi gabeko mailara apaldu dute langabezia tasa. Eustaten arabera, urteko bigarren hiruhilekoan %10,3an zegoen langabezia tasa, eta uztailetik irailera artean %8,9ra jaitsi da. Kontuan izan behar da, hala ere, aktiboen tasak ere behera egin duela hiru hilabeteetan (%56,3tik %55,8ra), eta horrek eragina duela langabezia tasaren apaltzean.

Uztailetik irailera, 15.900 pertsona murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabeen zerrenda. Horrela, 92.700 pertsona daude orain langabeen kolektiboan, enplegua bilatzen ari diren, bilaketarako kudeaketa aktiboak egiten dituzten eta, gainera, lan egiteko prestasuna duten pertsonen zerrendan. Horietatik 48.200 dira gizonezkoak (aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiago), eta 44.600 emakumeak (-8.400).

Langabezia tasarik txikiena Gipuzkoak du, %7koa (24.100 langaberekin). Araban, tasa %9,2koa da, eta langabeak 14.900. Eta Bizkaian langabezia tasa %9,9ra apaldu da, 53.800 langaberekin.

Eustatek langabeen nazionalitatea ere begiratu du. 92.700 langabeetatik 71.100ek dute nazionalitate espainiarra eta 21.600k atzerritarra.

Okupazioa gora, industrian ezik
Edonola ere, landunen kopuruak igoera esanguratsua izan du hirugarren hiruhilekoan, 9.300 okupatu gehiagorekin; aurreko hiru hilabeteetan zenbatutakoak baino %1 gehiago. Horrekin, okupazio tasak 0,6 puntu egin du gora, %68,3raino. Emakumezkoen jarduera tasa %65,2koa da, eta gizonezkoena %71,4koa.

Biztanleria okupatuak sektore guztietan egin du gora hirugarren hiruhilekoan, industrian izan ezik. Industrian 1.700 landun gutxiago zenbatu dira. Aldiz, zerbitzuen sektorean 8.600 okupatu gehiago daude; eraikuntzan 1.900 gehiago; eta lehen sektorean 400 gehiago.

Hirugarren hiruhilekoan okupazioaren gorakadarik handiena gizonen artean gertatu da: 6.600 okupatu gehiago daude. Emakumeen kasuan, 2.700 okupatu gehiago daude.

Okupazioa Bizkaian hazi da gehien, 5.000 pertsona okupatu gehiagorekin; Araban, 3.000 okupatu gehiago daude; eta Gipuzkoan, 1.400 gehiago daude. Hiriburuetan, Gasteizen 2.800 okupatu gehiago daude, Donostian 2.100 gehiago eta Bilbon 500 gutxiago.

Eustatek neurtu du hirugarren hiruhilekoan erkidegoan 902.200 etxe inguru daudela, eta haietatik, heren batek pertsona aktiborik ez duela, aurreko hiruhilekoan baino 4.500 etxe gehiago; hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 familia gehiago. Eta, aldiz, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 33.500 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.400 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.