Euskara

Ikas daiteke euskara astebetean? Bi ingelesek proba egin dute

Bi youtuber gaztek astebeteko bidaia egin dute Euskal Herrian, herritarrekin hitz eginda euskara ikasteko, eta bideo batean kontatu dute.

Bideotik ateratako irudi bat. OLLIE AND SEBASTIAN
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 22a
11:34
Entzun

«Zoraldi batean, pentsatu genuen ideia ona litzatekeela hizkuntza bat ikastea astebetean». Hala aurkeztu dute erronka Ollie eta Sebastian youtuber ingelesek. Zein aukeratu, eta euskara. Euskal Herrian zazpi egunetan eginiko bidaia kontatu dute bideo baten bidez. Hizkuntzaren inguruko hausnarketa egiten dute, eta egunez egun egiten duten aurrerapena entzun daiteke.

«Euskara altxor bat da, milaka urtez iraun duena eta batez ere gazteen artean bizi-bizi dabilena», adierazi dute. «Ohore bat izan da ikastea, eta espero dugu jende gehiagok gauza bera egitea». Batez ere bidaien inguruko bideoak egiten dituzte, abentura puntu batekin.

Urriaren 15ean, Europako hizkuntzarik zaharrena zazpi egunetan ikasten saiatu gara izenburuko bideoa argitaratu zuten. Horretan erakusten dute besteak beste Gasteizen, Donostian, Bergaran eta Bilbon eginiko bidaia, eta bertakoekin euskaraz hitz eginikoa.

Egunez eguneko eboluzioa erakusten dute. Kaixo hitza besterik ez zuten ezagutzen, eta, jendeari galdetuta, beste berbak eta esamoldeak ikasiz joango dira. Tabernetan, jaietan eta, oro har, kalean jendeari galdetuta eta haiekin hitz eginda ikasiko dute.

Noski, ondorio argia atera dute: «Ezinezkoa da zazpi egunetan euskara ikastea». Adierazi dute hori ez zela euren helburua. «Baina, ikasi dugun gutxiarekin, erosoago sentitzen gara euskaraz hitz egiten, formalki hainbat urtez ikasten aritu garen gaztelaniaz baino».

Euskaldunekin edukitako harremanei esker, eta haiekin komunikatzeko premiak bultzatuta, oinarria jarri dutela esan dute, «orain ondo ikasteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.