Argindarra

LABek salatu du EAJk «lotsagabeki defendatzen dituela» enpresa elektrikoak

Iberdrolaren «xantaia» agerikoa dela uste du sindikatu abertzaleak, «eta baita euskal patronalaren lankidetza ere» estrategia horren alde

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako burua Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiarekin, aurreko eguneko ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2021eko urriaren 22a
16:01
Entzun

Iberdrola eta oro har oligopolio elektrikoa egiten ari diren «xantaia» salatu du LABek, eta uste du Confebask xantaia horren aldeko «lankidetzan» dabilela. Gainera, ozen esan du EAJk konpainia elektrikoen interesak «lotsagabeki» defendatzen dituela. «Energia sektorearen jabetza eta kontrol publiko eta soziala hartzea urgentea eta estrategikoa da», esan du ohar batean.

LABek gogorarazi du Iberdrolak 3.610,7 milioi euroko irabaziak izan zituela 2020. urtean. «Urtero etekin ekonomiko izugarriak dituen oligopolio elektrikoak hartutako jarrera oldarkorrak eta beren inbertsioak mugatzeko mehatxuak argi adierazten du lapur banda horrek duen botereari muga jarri behar zaiola». LABek dio trantsizio energetikoa ezin dela konpainia horien esku utzi, «Next Generation funtsekin egin nahi duten bezala». Sindikatuak uste du «bertako patronala» jokoan sartu dela auzian, eta egoera baliatu nahi duela. «Sidenor gelditzeko erabakia lotsagabekeria hutsa da. 2016tik 103,6 milioi euro banatu ditu bere bazkideen artean, eta sinetsarazi nahi digu fabrika etetea besterik ezin duela egin?».

Erantzuna: greba orokorra

Konpainia elektrikoek, patronalak eta enpresa jakin batek hartu duten estrategia gogor salatu eta gero, EAJri begira jarri da LAB: «Beste behin ere, patronala non, EAJ hor», esan du; «argindarraren prezioaren inguruan zerbait esan duenean, enpresa handi horien alde egiteko izan da. Beste behin langileok ordaindu beharko dugu putre hauen diru gose aseezina?».

LABen ustez, egoerari erantzuteko garaia da, «hemen eta orain». «Langileoi dagokiguna eskuratzeko unea da. 2008ko krisitik atera gabe, pandemiaren ondorioak gure bizkarrean jarri nahi dituzte: argindarra, gasolina eta oinarrizko ondasunen prezioa gora doa, eta oro har langileon bizi baldintzak okertzen ari dira, gutxi batzuen poltsikoak betetzen jarraitzeko». Horregatik, sindikatu abertzaleak uste du langileek arrazoiak «sobera» dituztela greba orokorrerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.