FUTBOLA

Elizegi ez da berriz aurkeztuko Athleticeko presidente izateko

"Argi izan: azkeneko aldiz defendatuko dut aurrekontu bat atril honetatik. Baina nagoen tokian beti egongo naiz zuen ondoan", esan du. Bazkideek ez dituzte onartu haren kudeaketa eta denboraldirako aurrekontua

Aitor Elizegi, Athleticen bazkide konpromisarioen ohiko batzarrean. LUIS TEJIDO / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 23a
15:28
Entzun

Ibaiganeko besaulkiak maizter berria izango du. Aitor Elizegi ez da aurkeztuko berriz Athleticeko presidente izateko. Talde zuri-gorria bazkide konpromisarioen batzar nagusia egiten ari da, eta hari hasiera emateko egindako lehen hitzaldian jakinarazi du Elizegik ez dela berriro aurkeztuko denboraldia bukatutakoan egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetarako.

«Argi izan: azkeneko aldiz defendatuko dut aurrekontu bat atril honetatik», esan du. Elizegik ustekabean harrapatu ditu gehienak, baita haren zuzendaritzako zenbait kide ere. Hauteskundeei begira haren asmoez galdetuta, ezer gutxi adierazi zuen Elizegik. Ez zegoen argi berriz ere aurkeztuko zen edo ez. Baina gaur zalantza guztiak uxatu ditu. Halere, argi utzi zuen nahi izan du gertutik erreparatuko diola Athletici, eta edozertan laguntzeko prest dagoela. «Nagoen tokian beti egongo naiz zuen ondoan».

Elizegik, beraz, lau urte baino gutxiago egingo ditu karguan. Athleticeko bazkide konpromisarioek 2018ko abenduaren 27an aukeratu zuten presidente. 85 botorengatik besterik ez zitzaion nagusitu Alberto Uribe-Etxebarriari. Inoiz ez zen horren alde txikia egon talde zuri-gorriaren lehendakaritzarako hauteskunde batzuetan. Eta horrek asko zaildu dio agintaldia, behin baino gehiagotan erakutsi baitiotedesadostasuna bazkide konpromisarioek. Horrek eta COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomikoa larriak makina bat buruhauste eragin dizkio. Pentsatzekoa da horrek guztiak garrantzi handia izan duela berriz ere ez aurkezteko erabakian.

Gaur ere beste muturreko bat jaso du hura buru duen zuzendaritzak. Bazkide konpromisarioek ez dute onartu ez aurreko denboraldiko kudeaketa, ezta sasoi honetarako aurrekontua ere. Kudeaketari dagokionez, 492 bazkidek eman dute kontrako botoa, eta 381ek aldekoa; aurrekontuari dagokionez, berriz, 478 azaldu dira kontra, eta 402 alde. Azken horren barruan zeuden klubari laguntzeko bazkideei eskatutako 120 euroak. Aldiz, bazkideek baiezkoa eman diete aurreko denboraldiko kontuei: 520 alde eta 368 kontra. Hala, Elizegik eta haren zuzendaritzak ezohiko batzar batera deitu beharko dute berriro, aurrekontua aurrera ateratzeko. Hori egin artean ezingo dituzte abonuak kobratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.