CADIZ 0-2 ALAVES

Sasoiko bigarren garaipena lortu du Alavesek, Cadizen

Arabarrek Joseluren bi golei esker eskuratu dituzte hiru puntuak. Hasi eta berehala jarri dira aurretik, penaltiz, eta ondo sufritu ostean, luzapenean itxi dute partida

Alaveseko jokalariak, bigarren gola ospatzen. ROMAN RIOS / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko urriaren 23a
19:05
Entzun

Partidak irabazteko formula aurkitu du Alavesek: gola berehala sartu, eta lorturiko errenta zain eta muin defendatzea. Hala gailendu zitzaion Atletico Madrili zazpigarren jardunaldian, eta modu berean erdietsi du gaur sasoiko bigarren garaipena, Cadizen zelaian. Oso bolada makurrean zegoen Javi Callejaren taldea, eta halakoetan, kosta ahala kosta irabazi behar da, asko sufrituta eta gutxi gozatuta bada ere. Pragmatismoa eta erresistentzia. Apaingarriak, beste baterako. Erasoan eraginkorra eta defentsan sendoa izan da gaur Alaves, eta bigarren zatian estualdi latza izan duen arren, premiazko hiru punturekin itzuli da Gasteizera.

Modurik onenean hasi du norgehiagoka, penaltiz 0-1ekoa eginda. Joseluri falta egin diote area barruan, eta aurrelaria bera arduratu da jaurtiketaz. Erdi-erditik sareratu du baloia, indarrez. Arabarrek etxetik kanpo egindako lehen gola izan da. Altxorra zen Callejaren mutilentzat, eta horren jakitun, sariari eusteko lanera bideratu dituzte ia ahalegin guztiak. Hasiera batean, eroso eutsi diote Cadizi. Tinko defendatu dute Pachecoren area. Gainera, baloiarekin argitasuna izan dute zenbait minutuz. Manu Garcia, Toni Moya eta Pellistri izan dira horren erantzuleak. Hain justu, uruguaitarra 0-2koa egiteko zorian izan da 30. minutuan, baina erabakimena falta izan zaio atezainaren aurrean. Lehenago, Duarteren erdiraketa pozoitu batek gutxirengatik ez du bukatu Cadizen ate barruan.  

Azken ordu laurdenean, aurrerako urratsa egin du Cadizek. Atzean gotortu beste erremediorik ez du izan Alavesek. Dena den, apenas sortu dioten aukerarik. Sobrinoren jaurtiketa gurutzatu bat eta Alarconek buelta erdian eginiko errematea izan dira Cadizen hurbilketarik onenak lehen zatian. Alabaina, aldageletatik indarberrituta itzuli dira etxekoak, eta setiatu egin dute Alaves. Orduan bai, gogotik sufritu beharrean izan da Arabako taldea. Pereak erotu egin du eskuin hegalean, eta Pacheco bere onena ematera behartu dute Negredoren erremate akrobatikoek. Beste jokaldi batean, etxekalte aritu da Ximo Navarro, atezainari pase txarra emanda, eta Laguardiak atepetik atera behar izan du baloia.

Cadizen grinak apaltzera egin du pixkanaka, eta Alavesi aukerak zabaldu zaizkio partida erabakitzeko. Edgarri gol bat baliogabetu diote, jokoz kanpo zegoelako, eta geroago, Joseluk erdira errematatu du korner batean, dena alde zuela. Ordea, ez du kale egin 91. minutuan, Cadizek atzean egindako oparia baliatuta. Alavesek arnasa hartu du. Garaipenak ez dio jaitsieratik irteteko balio, baina behintzat, argia dakusa tunelaren bukaeran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.