Lurrama jaialdia

Lurrama jaialdia ospatu dute Arbonan

Kontzertuak, hitzaldi bat eta beste egin dituzte, eguraldia lagun. Arbonan kokatu dute aurten, okupazioari sostengua emateko.

Jendea Arbonako lur okupatuetan, gaur goizean, Lurrama jaialdiaren hasieran. LURRAMA ELKARTEA
2021eko urriaren 24a
20:19
Entzun

Laborantza lurrak defendatzeko, horiek okupatu egin zituzten Arbonan (Lapurdi). Hori dela eta, erabaki zuten han egitea aurtengo Lurrama festa, Miarritzen egin beharrean (Lapurdi), eta, era berean, ohiko asteburua egun batera mugatu dute aurten. Horrenbestez, gaur pilatu dituzte ekitaldi guztiak, Gure lurra, gure jatekoa lelopean: besteak beste, hitzaldi bat eta kontzertuak egin dira, eta landa eremuko hainbat jarduera ere erakutsi dituzte. Eguraldia lagun izan dute.

10:00etan hasi da egitaraua, eta Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek egin dute ongietorria. Ondoren, 10:30ean, Zein lur eta elikadura politika Euskal Herriarentzat? hitzaldia egin dute. Elikadura sistemari buruz aritu dira, oro har, laborantza lurretatik hasi eta kontsumitzaileenganaino. Alde horretatik, Ipar Euskal Herriko biztanleen elikadura beharretan oinarrituta, ekoizpena beste toki batzuetan kokatzeko aukerak eta mugak aztertu dituzte, laborantzaren, elikaduraren eta lurren kudeaketaren arteko loturaren inguruko datuak erabiliz.

Landa eremuko giroan sakondu ahal izan da Lurraman, egun osoan. Barazki, hesi eta zuhaitzen landaketaren erakustaldi bat egin dute: azaldu dute zer mota hautatu behar den sasoiaren, lurraren eta orientazioaren arabera, baita nola eta noiz landatu behar diren ere. Laborantza Ganberako teknikariek eta laguntzaile profesionalek aholkuak eman dituzte.

Sagarrak tindatzen eta dastatzen irakatsi dute, halaber, eta ibilaldi botanikoak antolatu dituzte Berroeta inguruan, bertako landareak eta bioaniztasuna ezagutzeko. Animaliekin egoteko aukera ere izan da: ardiaren ilea eskuz mozten erakutsi dute; etxalde txikian, haurrek animalia txikiak ukitu ahal izan dituzte; laborariek artaldea txakurrekin nola eramaten duten erakutsi dute; eta pottoka eta asto ibilaldiak izan dira. Herri kiroletan parte hartzeko parada ere egon da, era berean.

Harrerako bertsoez gain, doinu gehiagok ere girotu dute Lurrama. Izan ere, 12:00etatik 20:00etara bitartean, kontzertuak eman dituzte bi agertokitan: Kiki Bordatxo, Diabolo Kiwi, Anje Duhalde, Anari, Frigo eta Xiberoots aritu dira, eta txarangak ere aritu dira.

Hainbat eragiletako ordezkariak bildu dira Arbonan, tartean Bizi mugimendukoak eta Aroztak Baztango Aroztegiako makroproiektuaren kontrako herri ekinaldikoak. Nabarmendu dute garrantzitsua dela Lurraman elkartu izana, borroka ezberdinak ezagutu eta indarrak batzeko.

Mugarria eta etena

Arbonako lursailen hamabost hektarea saltzeko asmoa zutela jakin eta gero, ELB eta Lurzaindiako laborariek okupazioa hasi zuten lur horietan, ekainaren 23an. Gaur 120 egun bete ditu okupazioak, baina ez ditu gehiago egingo, okupazioa bertan behera utziko baitute laborariek. Izan ere, jakinarazi dutenez, eroslea erretiratu egin da. Lurramak sostengua eman nahi izan dio ekintzari, festa lekualdatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.