Atletico Madril 2-2 Reala

Lidergoari eutsi dio Realak

Neurketa ikusgarria jokatu dute bi taldeek. 0-2 aurreratu dira txuri-urdinak, baina sufritu egin dute azkenerako. Sorloth eta Isak izan dira golegileak.

Realeko jokalariak Madrilen, gaur, Isaken gola ospatzen, Realaren bigarrena. MARISCAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 24a
23:17
Entzun

Gozatuz hasi, sufrituz bukatu. Hori izan liteke Realak gaur Madrilen jokatu duen neurketaren laburpenik onena. Imanol Alguacilen taldea bolada ezin hobean iritsi da iazko Ligako txapeldunaren zelaira —denera hamabi partida jarraian daramatza galdu gabe—, eta ez du eten gaur. Emaitza ona da berdinketa, eta sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du Realak.

Neurketa nola joan den ikusita, ordea, denetariko interpretazioak egin daitezke. Luis Suarezek, neurketaren ostean, esan du bi puntuk ihes egin dietela, baina gauza bera esan du Mikel Merinok ere. Lehen ordubetean, hiru puntuak poltsikoan izan dituzte donostiarrek, baina Atleticoren bigarren golaren ostean gertuago izan du porrota garaipena baino. Bere zelaian sartuta aritu da Reala amaieran.

Hastapenean, etxekoak harritu ditu Alguacilek hamaikakoak —hori ere aitortu du Suarezek—. Bost atzelari zelairatu ditu, eta bi aurrelari: Sorloth eta Isak. Apustua ezin hobeto atera zaio; lehen zati bikaina egin du Realak, sendoa, Atleticori aukerarik eman gabe.

Goian egin dute presioa, baloiak berreskuratu dituzte zelai erdian, eta horietako batean heldu zaie saria, zazpigarren minutuan: Silvak lapurtu du baloia, Merinori utzi dio, hark zuzenean Isaki, eta hark lehen ukituan Sorlothi. Norvegiarrak bikain amaitu du jokaldia Oblaken aurrean, eta txuri-urdinekin lehen aldiz ospatu du bere gol bat.

Hortik atsedenaldira arte, izan da aukera bat edo beste, baina Realak nahi zuen tokian izan du neurketa. Liderraren sendotasuna erakutsi du.

Aldaketa

Bigarren zatia hasi bezain pronto sartu du bigarrena Isakek, faltaz. Gol bikaina suediarrarena. Orduan hasi dira arazoak; Merinok deitoratu duen moduan, ordura arte izan duen ausardia falta izan zaio Realari azken ordu erdian, eta erruz ordaindu du.

Ezer askorik egin gabe, erdiraketa batean, Suarezek sartu du lehenengoa, buruz, 61. minutuan. Ordu laurden geroago bigarrena, penaltiz. Eztabaidagarria izan da Merinok Suarezi berari egin dion penaltia, baina VARaren eta epailearen artean adierazteko modukoa zela erabaki dute.

Ordutik amaierara arte, aldaketa asko, Reala atzean sartuta, eta sufritzera. Esan bezala, ona da puntua, eta Atleticok berak (18 puntu), Real Madrilek (20) eta Sevillak (20) neurketa bat gutxiago jokatu duten arren, donostiarrek sailkapenaren buruan segitzen dute, 21 punturekin.

Atletico Madril: Oblak; Trippier, Monteiro, Hermoso (Cunha, 72'), Lodi (Kondogbia, 57'); Koke, De Paul (Correa, 57'), Lemar (Carrasco, 45'); Joao Felix, Griezmann (Herrera, 72') eta Luis Suarez.

Reala: Remiro; Le Normand, Zubeldia, Aritz, Gorosabel, Zaldua (Turrientes, 63'); Gebara (Januzaj, 87'), Merino, Silva (Pacheco, 62'); Sorloth (Lobete, 88') eta Isak (Portu, 63').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak