Udalen finantziazioa

Finantzaketa aldatuta, Nafarroako udalen artean 272 milioi banatuko dira 2022an

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak ituna lortu dute udalen arteko desberdintasunak handitzen zituen eredua moldatzeko. EH Bilduk azpimarratu du «positiboa» dela eta aurrekontuen akordioa lortzeko bidea errazten duela

Banaketa berriaren helburuetako bat da lurralde kohesioa bultzatzea, despopulazioaren arazoa gero eta handiago baita. Adibidez, Pirinioetan. Irudian, Otsagabia. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urriaren 25a
18:14
Entzun

Datorren urtean Nafarroako udalek diru gehiago izango dute eurentzat gastu arrunta zein zerbitzuak finantzatzeko, eta, gainera, beste modu batera banatuko da dirua. Hori da Nafarroako Gobernuak PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin lortu berri duen akordioaren funtsa. Bernardo Ziriza Lurralde Kohesioko kontseilariaren esanetan, «erabateko lehentasuna» zen egungo sistema aldatzea udalen arteko desberdintasunak handitzen zituelako. Akordioaren arabera, 2022an udalek 272 milioi euro izango dituzte, aurten baino 16,4 milioi gehiago. Gainera, alderdiek konpromisoa hartu dute udalen artean banatu beharreko poltsa hori urtero KPI + %2 igoko dela.

Hala ere, aldaketarik handiena banaketa sistemari dagokio. Orain arte zerga bilketan tokiko ogasunen parte hartze funtsetik banatzen zen dirua: gastu arrunta finantzatzeaz gain, montepioko langileen ordainsariak ordaintzen ziren, Iruñeari hiriburu gutunagatik 26 milioi inguru ematen zitzaizkion edo jarduera ekonomikoko zergaren bilketan izandako galera konpentsatzen zen. Iragan hamarkadan, Nafarroako Unibertsitate Publikoari enkargua eman zitzaion diru hori dena nola banatu kalkulatzeko, baina gobernuak uste du sistema horrek lurraldeen arteko desberdintasunak areagotu besterik ez dituela egin.

Hala, 50.000 biztanletik gorako gune bakarra den heinean, biztanleko 432 euro jaso ditu Iruñeak, besteen aldean nabarmen gehiago: 20.000 eta 50.000 biztanleko udalek 280 euro jaso dituzte batez beste, edo 2.000 eta 5.000 biztanle artekoek, 325 euro. Zenbat eta txikiagoa izan, aldea handiagoa da, eta kontuan izan behar da despopulazioa arazo handi bat dela Nafarroako hainbat eskualdetan: Pirinioetan, Zangoza inguruan, mendialdean, Estellerrian...

Sistema berria

Hala, dirua banatzeko sistema berri bat kalkulatzeko eskatu zaio NUPi alde batetik udalen gastuen beharra eta bestetik finantza ahalmena aintzat hartuta. Gastu behar horrek «bizi diren tokian bizi direla herritar orok zerbitzu eta azpiegiturak jasotzen dituen aukerak» bermatu nahi ditu, Zirizaren arabera: biztanle kopurua, pobrezian bizi den herritar kopurua, 65 urtetik gorakoen kopurua, hirigintzaren azalera eta udal barruko herrien sakabanaketa kontuan hartuko ditu. Behar hori ikusita, aintzat hartuko da horri aurre egiteko duen finantza ahalmena.

Kalkulu berri horrekin, 272 milioi eurotik 197 milioi euro gastu arrunta ordaintzeko banatuko dira. Beste 44,5 milioi bideratuko dira 0 eta hiru urte arteko haur eskolen, ikastetxe publikoen zein liburutegien defizita ordaintzera. Azkenik, 16 milioi euro lurraldeko kohesiorako baliatuko dira. Horretarako, eskualdeetan eta haranetan traktore funtzioa betetzen duten udalei lurralde kohesiorako dirua emango zaie.

Gobernuak nabarmendu du trantsizioa errazteko asmoz kalkulu berrian udal txiki guztiei aurten jasotako diruaren %100 bermatuko zaiela eta 5.000tik gorakoei diruaren %98, gutxienez. Dena den, udal gehienei egingo die mesede banaketa berriak.

Iruñeak 1,7 milioi gutxiago jasoko du (86 milioi orotara), baina Iruñerriko udalek, 49 milioi gehiago (+ %14). Aldea handiagoa da udal txikienen artean, mila biztanletik beherako 189 udalek %15 gehiago jasoko baitute (26,7 milioi). 1.000 eta 5.000 biztanle arteko 62 udalen artean 58 miloi euro banatuko dira (+%9 gehiago); 5.000 eta 25.000 biztanle arteko udalek %13 gehiago jasoko dute (72 milioi, orotara). Despopulazioa jasaten ari direnen artean: Azuelok %56 gehiago jasoko du, Aribek %40 gehiago edo Galipentzuk %51 gehiago.

EH Bildu: «Oso garrantzitsua»

EH Bilduren jardun politikoan, udalek garrantzi handia dute, eta iragan urtean koalizioak bultzatutako Udal Maparen erreformaren helburuetako bat zen finantzaketa sistema aldatzea. Gobernuak akordioa iragarri eta gutxira, Adolfo Araizek agerraldia egin du, balorazioa eskaintzeko: «Oso garrantzitsua zen aurrekontuen arloan akordioa lor genezan. Honek aurrekontu akordiorako bidea erraztu egiten du, guretzat udal finantzaketaren auzia oso garrantzitsua baita», azpimarratu du.

Araizen arabera, bilera asko egin dituzte, eta elkarri dokumentu zein proposamen ugari pasatu dizkiote. «Uste dugu erantzuna emango zaiela azken urteetako arazoen inguruan». EH BIlduko parlamentariaren arabera, aurreko sistemak bereziki zigortu ditu udal batzuk eta ezin zitekeen horri aurre egin eredua aldatu ezean. «Onuradun bakarra zegoen, eta gainerakoen aldean pribilegio hori zuen: Iruñea».

PSNko Jorge Agirre ere, pozik azaldu da emaitzarekin. Haren esanetan, «urrats ausarta da, eta Nafarroako herri guztien arteko berdintasuna sustatzen du». Haren irudiko, urtetan, finantzaketa bidezkoago bat lortzeko hainbat udalek egindako aldarrikapenei bide eman diete. «Sistema berri honek egonkortasuna emango die udalen altxortegiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.