Altuna 22-7 Bengoetxea

Bere ohiko estilora

Altuna III.ak 22-7 irabazi dio Bengoetxea VI.ari, Tolosan, eta finalerdietara sailkatu da. Amezketakoak Ezkurdia izango du aurkari.

Jokin Altuna eta Oinatz Bengoetxea, gaur, Beotibarren. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 25a
21:17
Entzun

Txiki geratu da gaur Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekua; bai baitzeuden arrazoiak. Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken partida jokatzen baitzen; azkena, eta erabakigarria. Jokin Altunak eta Oinatz Bengoetxeak asko zuten jokoan; partida horretako irabazlea Joseba Ezkurdiaren aurka lehiatuko baitzen finalerdietan.

Bolada zeharo ezberdinetik zetozen bi pilotariak: Leitzakoa Aitor Elordi 22-15 mendean hartuta; Amezketakoa, aldiz, Peio Etxeberriaren aurka 18-22 galduta. Altuna III.ak atzoko partidari zalantzaz josita ekingo zion ustea zabaldu zen Beotibarrera bertaratu diren pilotazaleen artean. Usteak erdi ustel. 43 minututan, goitik behera gailendu zaio Bengoetxea VI.ari, hasi eta buka: 22-7. Aspeko pilotariak odolean daraman irabazle sena ez du galdu, antza. Leitzako basurdeak, berriz, «pozik» eta «asebeteta», agur esan dio bere ibilbide profesionalean azkenekoz jokatu duen lau eta erdikoari.

Bengoetxea VI.ak egin du lehen tantoa, sakea alde edukita. Baikoko aurrelaria lehen kolpetik lehia nahasteko asmoz hasi da. Altuna III.a, ordea, ez da urduri jarri, eta azkar berdindu du markagailua, pilota ezker txokoan doi-doi utziz. Maisua da horrelako egoeretan, errematatzaile petoa, eta modu horretara egin du bigarren tantoa ere.

Bengoetxea VI.a 5-2 atzetik bazihoan ere, 37 urterekin lau eta erdian txinparta sortzeko gaia oraindik bazuela erakutsi nahi zuen, eta, egoskorkeriaz, tanto bakarrera hurbildu zaio: 5-4. Ostera, sugarrak gutxi iraun dio leitzarrari; izan ere, Aspeko pilotariak 12-0 partziala sartu dio, bizi-bizi, olatua hamazazpigarren tantoan utzi duen arte.

Urduri eta presaka aritzeko zantzurik ez zitzaion atzeman Altuna III.ari. Patxadaz eta soseguz, tanto ederrak egin ditu; hamabi guztira. Horrez gain, bost tanto egin ditu saketik. Dena dela, Bengoetxea VI.ak opari galantak egin dizkio aurrelari amezketarrari; bost huts egin ditu. Nekeak erasanda, deseroso zebilen leitzarra, lotuta, bere ohiko jokoa egin ezinik. Gozakaitz aritu bada ere, Amezketakoarekin batera txalo zaparrada eta laudorioen artean erretiratu zen kantxatik. Amaieran, 22-7.

Finalerdiak erabakita

Horrenbestez, erabaki dira lau eta erdiko finalerdiak: lehenengoan, Unai Laso eta Peio Etxeberria nor baino nor gehiago ariko dira datorren larunbatean (17:30, ETB 1), Iruñeko Labriten; bigarrenean, Altuna III.ak eta Ezkurdiak elkarren aurka jokatuko dute igandean (16:30, ETB 1), Gasteizko Ogetan.

Promozioko lau eta erdikoan ere zehaztu dira finalerdiak: Zabala-Zubizarreta III.a eta Dario Bakaikoa. Bi partidak azaroaren 1ean jokatuko dira, Logroñon (Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.