Iker Vicentek aizkorakadaka suntsituko du La Fura dels Baus konpainiaren itsasontzia

Kataluniako konpainiak ikuskizunak egiteko itsasontzi berri bat du, eta zaharra gaur agurtuko dute, Barakaldoko (Bizkaia) Dina ontziolan.

Naumon itsasontzia, portuan. LA FURA DELS BAUS
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 26a
13:00
Entzun

Ez da gehiago uretaratuko Naumon itsasontzia. Kataluniako La Fura dels Baus antzerki konpainiak duela hamar urte erabili zuen ontzi hori bere ikuskizun abangoardistak aurkezteko, eta gaur agurtuko du. Zehazki, haren amaiera irudikatuko du konpainiak, eta ez oso modu gozoan gainera: Iker Vicente aizkolari nafarrak hartuko du parte ikuskizunean, ontziaren zati bat aizkorakadaka suntsituz.

La Fura del Baus 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan egin zen ospetsu bereziki. Irekiera ekitaldian hartu zuten parte; Montjuiceko estadio olinpikoa mediterraneo bilakatu zuten, eta mundu osoan ikusi zen zeharkaldi bat irudikatu zuten han.

Hamabi urte geroago erosi zuten Naumon itsasontzia, 2004an. Kangaontzi norvegiar hori mediterraneora eraman zuten, eta dozenaka portutan erabili zuten hainbat motatako ikuskizunak egiteko.

Orain, ordea, gutxiago kutsatzen duen itsasontzi baten ordez aldatuko du konpainiak NaumonNaumon Berria deituko diote—, eta hori irudikatuko dute gaur Barakaldoko (Bizkaia) Dina ontziolan, 17:00etan. Carlus Padrissa La Fura dels Bauseko sormen zuzendariak sortu du ikuskizuna, eta amaieran iritsiko da Vicenteren txanda: enbor batzuk moztu ostean, itsasontziaren zati bat aizkorarekin suntsituko du.

Iker Vicente, iazko abenduan, Bilbon egin zen Sherpa.ai txapelketa nagusian

Vicente ez da edozein aizkolari. Euskal Herriko txapelduna da, eta ez hori bakarrik; azken urteetan argi erakutsi izan du aizkoraren mundua berritu eta formatu berriak esploratzeko nahia, eta, besteak beste, Sherpa Ai txapelketa nagusiaren sustatzaileetako bat da.

'Naumon Berria', jasangarria

La Fura del Bausen asmoa da itsasontzi-antzoki berria hori baino gehiago izatea: dibulgaziorako zentroa izango da, nagusiki jasangarritasunean eta itsasoen zaintzan oinarritua. 250 metro karratu baino gehiagoko agertokia izango da Naumon Berria-ren kanpoaldea, baina ikuskizun txikiagoak egiteko gelak ere izango ditu barnealdean.

Gainera, esperimentuak egiteko erabiliko dute; adibidez, erregai kontsumoa murriztuko duen motor elektriko bat izango du, baita altzairuzko haize oihal bat ere. Padrissak hala azaldu du egitasmoa: «Naumon Berria metafora bat da, munduaren itsasontzia dela irudikatzen duena, non guztiak batera goazen eta norabide berean arraun egin behar dugun».

Gainera, Juan Sebastian Elkanoren lehen mundu biraren 500. urteurrena dela eta, hura ospatzeko ere baliatu nahi dute itsasontzi berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.