Energia krisia

Bonu sozialaren onuradunek 90 euro jasoko dituzte gasa ordaintzeko

Hego Euskal Herriko energia kontsumitzailerik zaurgarrienek argindar fakturan %70erainoko laguntza jaso ahal izango dute negu honetan. 68.759 dira bonu sozialaren babesean dauden etxebizitzak.

Butano banatzaile bat, bezeroen zain kalean. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urriaren 26a
17:54
Entzun

Energia bonu soziala eskatua duten Hego Euskal Herriko biztanleek laguntza handiagoa jasoko dute negu honetan. Espainiako Gobernuak onarturiko dekretuaren arabera, energia kontsumitzaile zaurgarrienek argindarraren fakturan jasotzen duten babesa %25etik %60ra igoko da, eta zaurgarritasun larria pairatzen dutenei, berriz, baliteke %70eraino iristea. Hortaz gain, kontsumitzaile horiek 90 euroko laguntza eskatu ahal izango dute gasa ordaintzeko. Espainiako Gobernuak 100 milioi euroko funtsa jarriko du erkidego autonomoen esku babes horiek handitu ditzaten.

Teresa Ribera Espainiako presidenteordeak ministroen kontseiluaren ondoren eman du neurri horien berri. Ezohiko egoerak ezohiko neurriak hartzea eskatzen duela ikusita, dekretu bidez arautu du negurako laguntza. Gasaren «txekea» abenduan ordaindu nahiko luke Riberak, eta argindarraren inguruko neurriei martxora arte iraunaraziko diete. Dena den, presidenteordeak zehaztu duenez, salbuespenezko neurriak dira, eta gasaren txekea behin bakarrik banatuko dute.

Eta zenbat jendek du bonu sozialaren babesa Euskal Herrian? Hego Euskal Herrian eska daitekeen bonu bat da, eta 68.759 dira haren onuradunak. Horretarako, hainbat baldintza ekonomiko eta sozial bete behar dira, eta, besteak beste, kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioak arauturiko argindar kontratua izan behar da etxean.

Energiaren prezioaren igoerari aurre egiteko dekretuak beste neurri batzuk ere biltzen ditu. Esaterako, argindar konpainiek industriarekin dituzten kontratuak erakutsi beharko dituzte, «gardentasunaren izenean». Neurri horren bidez, Espainiako Gobernuak «luzera begirako» kontratuak sinatzen lagundu nahi dio industriari. Are gehiago, konpainiek kontratuetan aldaketarik egin nahi izanez gero, hilabete lehenago jakinarazi beharko diete bezeroei zein gobernuari.

Dena, baina, ez da konpainien kalterako. Riberak zehaztu du enpresa edo teknologia jakin batek gasaren igoerari esker irabazi handiagoak lortzen dituen kasuetan bakarrik aplikatuko dela minorizazioa, eta irailaren 16a baino lehenago sinaturiko kontratu finkoak salbuetsita daudela, egun hartan sinatu baitzen minorizazioa arautzeko dekretua. Gauzak hala, konpainiek energia erosi zuten baino merkeago saltzeko arriskua saihestuko dute.

Aldaketarik ez Europan
Argindar eta gas garestiaz hitz egiteko asmoz EBko Energia ministroek egin duten goi bilera bereziak aldaketa gutxi ekarri ditu Luxenburgon, nahiz eta eztabaida egon bazegoen: Espainiak eta Frantziak proposamen formala egin dute «salbuespeneko» egoeratan herrialdeek aukera izan dezaten argindarraren eredu marjinalista alde batera uzteko. Baina aurrean izan dituzte beste hainbat herrialde, merkatuak bere horretan uztearen alde jada bezperan jarrera bateratua erakutsi zutenak, Alemania bera tartean. Eta Kadri Simsom Europako Batzordeko Energia komisarioak ere tarte oso txikia utzi du aldaketa baterako.

Espainiak nahi du argindarraren prezioaren eraketa egokitu ahal izatea egoera jakin batzuetan. Horretarako, adibidez, argindar guztiaren prezioa merkatuko uneko iturririk garestienarena izan beharrean –horrela ezartzen da salneurria eredu marjinalistan—, nahi du prezio hori batezbesteko batekin egitea, zeinak erreferentzia izango lukeen askoz ere merkeagoak diren iturri berriztagarrietako argindarraren kostuetan. Hala, lortuko litzateke argindarraren prezioa nolabait bereiztea gas garestiaren prezio igoera handietatik, eta aldakortasuna gutxitzea.

Hain zuzen, gas naturalarekin ekoitzitako argindarraren eskaintzei gehieneko prezio bat ezartzea ere proposatu dute Espainiak eta Frantziak, eta kostuarekiko aldea geroago konpentsatzea. Nazioarteko merkatuetan modu bateratuan gasa erosteko plataforma bat eratzea ere nahi dute bi herrialdeek, eta, gainera, neurriak hartzeko eskatu dute espekulazioa eteteko asmoz karbono isurketa eskubideen merkatuan.

Baina Espainiako eta Frantziako energia ministroek beste hamabi herrialdeetako ministroak izan dituzte kontra. Haien arabera, ez dago zertan ukitu argindar merkatuen eredu marjinalista, eta Espainiak badu beste modurik argindarraren faktura apaltzeko. Europako Batzordeak ere ez du babestu Espainiaren eta Frantziaren proposamena. Kadri Simson Energia komisarioaren arabera, «ez dago oso argi energia iturrikako prezio desberdinen sistema batek nola funtzionatuko lukeen, ez eta egungo sistema baino hobeagoa litzatekeen ere. Merkatua aldatzea arriskutsua da, bai merkatuko aurreikuspenentzat, bai lehiarentzat, eta baita energia garbietarako trantsizioarentzat ere», esan du Simsonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.