FUTBOLA

Fernando Llorentek Eibarren jokatuko du

36 urteko aurrelaria talderik gabe zegoen, eta denboraldia amaitu arteko kontratua adostu du eibartarrekin. 

Fernando Llorente, Eibarreki azterketa medikua pasatzen. SD EIBAR
Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 27a
13:38
Entzun

Fernando Llorentek (Iruñea, 1985) euskal talde batean jokatuko du, azkenekoz Euskal Herrian jokatu eta zortzi urte geroago. Aurrelariak denboraldi amaitu arteko kontratua sinatu du Eibarrekin. 36 urte ditu, eta 2013an Athletic utzi zuenetik, Juventusen, Sevillan, Swansean, Tottenhamen, Napolin eta Udinesen aritu da.

Llorente talderik gabe zegoen, eta bere kasa entrenatzen ari zen Zarautzen (Gipuzkoa), talderen batek eskaintzaren bat egiteko zain —Donostian bizi da—. Rayo Vallecanora joatear egon zen udan. Athleticen bere taldekide izandako Andoni Iraolak bere aginduetara nahi zuen, baina azkenean kluba eta Llorente ez ziren ados geratu, eta Rayok Radamel Falcao aurrelari kolonbiarra fitxatu zuen.

Franchu Feuillassier Eibarreko aurrelaria denbora luzerako lesionatu izanak ireki dio Gipuzkoako taldearen atea. Feuillassierrek ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan, eta haren tokia beteko du Llorentek. Hala, Gaizka Garitanok ordezko ona topatu dio. Hain zuzen, Garitanok Llorente fitxatzeko eskatu zion Athleticeko kirol zuzendaritzari taldeko entrenatzailea zenean, baina klubak ez zuen begi onez ikusi. Llorentek ez zuen Athleticekin kontratua berritu nahi izan 2013an, eta Juventusera joan zen. Horren ondorioz, ez da zale zuri-gorri askoren gustukoa.

Hala ere, inon nabarmendu baldin bazen Llorente, Athleticen izan zen. Hemezortzi denboraldi egin zituen talde zuri-gorrian; horietatik bederatzi, lehen taldean. 333 partida jokatu zituen, eta 118 gol sartu zituen. Hamabosgarren postuan dago Athleticen lehen taldearekin gol gehien sartu dituztenen sailkapenean. Zortzi urte joan dira ordutik, eta Llorenteren kirol ibilbideak gehiago izan du ilunetik argitik baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.