Real Madril 0-0 Osasuna

Etxetik kanpo galdu gabe jarraitzen du Osasunak

Jagoba Arrasateren taldeak 0-0 berdindu du Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeun, ligako 11. jardunaldian. Espainiarrek, Osasunaren areara sarriago heldu arren, ez dute lortu nafarrek atzean eraikitako harresia eraistea.

Karim Benzema Real Madrileko jokalaria, Manu Sanchez eta David Garcia Osasunako jokalariez inguratuta. JUANJO MARTIN / FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 27a
23:41
Entzun

Osasuna, Alavesen, Cadizen, Mallorcan eta eta Vila-realen etxean irabazi ostean, Real Madrilen Santiago Bernabeu zelai gaiztoan bosgarren garaipena kateatzeko asmoz lehiatu zen atzo, ligako 11. jardunaldian. Etxetik kanpo puntu gehien zakuratu duen Espainiako Lehen Mailako taldea da Jagoba Arrasaterena, Real Madrilekin berdinduta —Osasunak baino neurketa bat gehiago du jokatua—. Bada, garaipena lortu ez, baina gutxienez puntu baliotsua lortu du Osasunak Real Madrilen aurka: 0-0.

Arrasatek Real Madrili aurre egiteko jokamolde zehatza eta argia zuen. Vila-reali irabazi zion joko sistema bera ezarri zuen; erdiko hiru atzelariekin jokatu zuen: Juan Cruz, David Garcia eta Unai Garciarekin. Aurrealdean, berriz, bi aurrelari zelairatu zituen: Kike Garcia eta Chimy Avila.

Hasiera-hasieratik, Real Madrilek baloi jabetza handiagoa izan zuen Osasunak baino, eta Carlo Ancelottinerak gorritxoen areara sarri heltzen baziren ere, nafarrek atzean eraikitako harresia garaitzea ez zuen lortzen talde espainiarrak. Bi taldeek lehen 45 minutuetan apenas izan zuten gola sartzeko aukerarik, eta izan zituzten abagune apur horietan ere ez ziren gai izan atea zulatzeko.

Bigarren zatian, Real Madril bere ohiko estilora jokatzen hasita ere, abagunerik garbiena Osasunak izan zuen, 49. minutuan, aurkako korner batetik kontraeraso azkar bat sortu ostean. Chimy Avilak sekulako korrikaldia egin eta gero, eskuin hegaletik bigarren zutoinera erdiratu zuen, han baitzegoen Jon Moncayola, bakarrik; nafarrak, ordea, zutoinera bidali zuen baloia.

Hortik aurrera, ordea, partidak gidoi bera izan zuen: Osasuna atzean sartuta, Real Madrilen erauntsiari gogor eustera. Egindako defentsa lanak, gutxienez, sari ona ekarri zion Arrasateren taldeari: atea hutsean mantenduta berdinketarekin etxera itzultzea. Osasuna seigarrena da orain sailkapenean, hemeretzi punturekin.

Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vazquez, 69'), Militao, Alaba, Mendy (Marcelo, 69'); Casemiro, Camavinga (Rodrygo, 46'), Kroos; Marco Asensio (Hazard, 69'), Benzema eta Vinicius.

Osasuna: Sergio Herrera, Nacho Vidal, Unai Garcia, David Garcia, Juan Cruz, Manu Sanchez, Torro, Javi Martinez (Darko Brasanac, 67'), Moncayola (Oier, 89'), Kike Garcia (Barbero, 89') eta Chimy Avila (Ruben Garcia, 67').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.