Bizitzaren garestitzea

Inflazioa gora eta gora doa galgarik gabe: %5,5ekoa da Espainiako KPIa

KPIaren datu aurreratua eman du INEk, eta, horren arabera, %5etik gorakoa izango da Hego Euskal Herriko inflazioa, inoizko altuena 1990eko hamarkadatik.

Eroskiren supermerkatu bat. EROSKI
xabier martin
2021eko urriaren 28a
11:08
Entzun

Argindarraren eta erregaien garestitzea inoizko mailarik altuenetakora eramaten ari da inflazioa Hego Euskal Herrian. %4koa da iraileko KPIa, baina INEk Espainiarako eman duen datu aurreratuaren arabera, inflazioak beste maila bat igoko du urrian, eta %5etik gora jarriko da datu berria jakinarazten dutenean, aste batzuk barru. Izan ere, Espainiaren datu aurreratua %5,5ekoa da, 1992. urtetik inoizko altuena. Argi dago inflazioa arazo handi bat izango dela susperraldiak abiadura hartzeko.

Abuztuan %3,3koa zen inflazioa, eta bi hilabeteko tartean bi puntu inguru egingo du gora, batez ere argindarra izugarri igo delako. Gasolina eta gasolioa ere, ordea, inoizko preziorik garestienetan daude, eta Brent upelak garestitzeko tartea badu oraindik ere. Esan beharrik ez dago: argindarraren eta erregaien garestitzeak eraman du hain gora KPIaren erakuslea. Gainera, energiak bizitzaren kostua kalkulatzeko baliatzen diren beste esparruak garestitu ditu, besteak beste, janaria.

Dena den, energia aintzat hartzen ez duen inflazioa %1,4koa izan da Espainian urrian, inflazio orokorra baino lau puntu apalagoa. Hori inoizko alderik handiena da bi erakusle horien artean, INEren serie historikoan.

Beraz, Hegoaldean, urrirako inflazioa %5etik gorakoa izango dela aurreikus daiteke, eta horrek ondorio handiak izango ditu negoziazio kolektiboan, batetik, baina pentsioetan ere bai, bestetik. Ikusteko dago 2021. urtearen amaieran non kokatuko den KPIa; adituek uste dute %5tik behera izango dela, baina, hala ere, igoera handiak egon beharko dira soldatetan erosteko ahalmena ez galtzeko. Pentsioen sistema publikoak ere ahalegin handia egin beharko du aurten, pentsioak KPIa bezainbeste igo beharko baitituzte; igoera hori %5 ingurukoa izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.