Emaitzak

Kutxabankek %10,3 gehiago irabazi du banka negozioaren emaitza onei esker

Aseguruetan, hipoteketan, eta inbertsio funtsetan datu onak biltzen jarraitzen du bankuak. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 176 milioi euroren etekinak izan ditu.

Gregorio Billalabeitia, Kutxabankeko presidentea, artxiboko argazkian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irune Lasa.
2021eko urriaren 28a
16:40
Entzun

Interes tasak negatiboan jarraitu arren, Kutxabanken emaitzek oso positibo segitzen dute. Urtarriletik irailera bitartean, bankuak 176 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %10,3 gehiago. Horretarako gakoa izan da, hain zuzen, interes tasek baldintzatzen duten banka negozioaren bilakaera ona, zeina %8, 3 handitu den, produktu, zerbitzu eta aseguru berrien kontratazioarekin.

Entitateak bere sarreren aniztasuna sendotzen jarraitzen du, eta banka negozioak jada ekarpen handiagoa egiten dio bere kontuei, interes marjinetatik datozkion sarrerek egiten dutena baino. Bestalde, ustiapen gastu txikiagoek ere ( 30 milioi euro gutxiago) igoarazi dute taldearen azken emaitza.

Kutxabankek inbertsio funts eta aurreikuspen produktuen atalean lortutako datuak ikusgarriak dira, beste behin. Adibidez, bankua sektoreko buru da inbertsio funtsen harpidetza garbietan, eta urtean harpidetza garbi gehien egin dituen taldea da (2.057 milioi euroren aktiboekin), sailkapenean aurretik soilik neurriz askoz ere handiagoko lehiakideak dituela. 2019az geroztik inbertsio funtsen Espainiako merkatuan lortutako izenpetzeen %20 Kutxabankek erdietsi ditu. Taldeak gaur egin 20.036 milioi euro kudeatzen ditu inbertsio funtsetan.

Maileguen atalean ere emaitza onak izan ditu Kutxabankek. Hipoteka maileguen produkzio berria % 36 igo da, eta % 10 mailegu pertsonalena. Taldearen mailegu inbertsioa % 7,5 handitu da. Eta gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan mailegu hipotekario berri guztien % 45,6 Kutxabankek ditu, %17,6 Andaluzian, eta % 10 Espainian.

Enpresentzako maileguetan, berriz, Kutxabank hasia da sumatzen alorra ari dela osasuna berreskuratzen. Bankuaren ustez, «Europako Batasuneko laguntza funtsak iristen direnean jarduera ekonomikoa sustatuko da, baina energiaren kostu handiagoak eta lehengaien gabeziak berreskurapena eragotzi lezakete». Kutxabankek nahiko argi dauka, interes tasek epe laburrean negatiboan jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.