Teknologia

Facebook konpainiak izena aldatu du: aurrerantzean Meta izango da, metabertsoan zentratzeko

Connect konferentzian egin du iragarpena Mark Zuckerbergek. Izen aldaketak ez dio eragingo Facebook sare sozialari.

Mark Zuckerberg, konpainiaren izen berriaren logoarekin, gaurko konferentzian. META
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 28a
21:08
Entzun

Duela astebete iragarritakoa bete egin da: Facebook konpainiak izena aldatu du, eta, aurrerantzean, Meta deituko da. Gaur urteko Connectkonferentzia egin du konpainiak, eta horretan iragarri du izen aldaketa Mark Zuckerberg buruak. Adierazi duenez, izena aldatuko dute, konpainiak buru-belarri aritu nahi duelako metabertsoa deiturikoa sortzen; hau da, unibertsoaz harago joango den mundu birtual bat.

«Uste dut nahasmendua eta ezerosotasuna sortzen zuela konpainiak eta sare sozialetako aplikazioetako batek izen bera izatea», esan du Zuckerbergek. Facebookek argi utzi nahi du dagoeneko ez dela sare sozial bat bakarrik. Sare sozialak berak Facebook izena izango du aurrerantzean ere, baina nabarmendu nahi dute sare soziala konpainiaren beste produktu bat besterik ez dela. Izan ere, duela hiru asteko matxurarekin argi geratu zenez, orain Facebook deritzon konpainiak beste hainbat produktu kontrolatzen ditu, tartean Whatsapp eta Instagram.

Metabertsoa Interneten hurrengo urrats gisa azaltzen dute. Errealitate birtualarekin eta errealitate areagotuarekin loturiko kontzeptua da. Lehenean, mundu erabat artifizialak sortzen dira. Bigarrenean, mundu erreala eta birtuala nahasten dira, duela lau bat urte boladan egon zen Pokemon Go jokoan bezala. «Errealitate areagotuaren bidez eta teknologia jantzigarriarekin, homo smart sapiens-a sortzen ari gara, etorkizuneko supergizakia», adierazi izan dute horretan Euskal Herrian lanean dabiltzan ingeniariek. Metabertsoak unibertso paralelo bihurtuko luke Internet, eta gizakiak, horretan lan egiteaz gain, hor bizi ahalko dira, erreal gisa bizi ahalko diren espazio birtualetan.

Unibertso horretan sartzeko betaurrekoak garatzen 10.000 pertsona ditu lanean Facebookek. Zuckerbergek Oculus VR konpainia erosi zuen 2014. urtean. Errealitate birtual eta areagoturako betaurrekoak egiten ditu, eta 2015ean hiru dimentsioko munduak eta errealitate mistoak sortzen dituen Surreal Vision erosi zuen, telepresentzia lantzeko; hau da, leku fisiko berean ez dauden pertsonek elkarrekin aritu ahal izateko, bertatik bertara baleude bezala. Gaurko bideo bileretan bezala, esaterako, baina hiru dimentsioan eta espazio birtual berean murgilduta. Izan ere, adituek uste dute izurriarengatik ezarritako konfinamenduak eragin duela Facebook horren aldeko apustuan buru-belarri sartzea, egoerak agerian utzi duelako, besteak beste, telelanaren eta, oro har, telepresentziaren beharra eta ahalmena.

Zuckerbergek berak esan zuen uztailean nahi zuela jendeak «benetan Facebook sare sozial soil gisa ikusteari utzi eta metabertso konpainia gisa ikusten hastea».

Beste hainbat konpainiak egin dituzte halako izen aldaketak lehen ere. Googlek, esaterako, Alphabet izena hartu zuen 2015. urtean, eta Google marka bilatzailearentzat utzi zuen.

Izen aldaketak badu beste interpretazio bat, ordea. Izan ere, aukera eman diezaioke konpainiari Facebook markatik nolabait urruntzeko. Izan ere, hautsak harrotu ditu azken egunotan Frances Haugen konpainiako langile ohiak AEBetako Senatuan egindako agerraldiak. «Facebook gure demokrazia ahultzen ari da, eta gazteei kalte egiten ari zaie», salatu zuen Haugenek. «Enpresako buruzagiek badakite Facebook eta Instagram seguruago nola bilakatu, baina erabaki dute halakorik ez egitea».

Senatarien galderei erantzunez, langile ohiak ohartarazi zuen Instagramek eta Facebookek nerabe asko anorexia izatera bultzatu dituztela, eta ziberjazarpena pairatzen duten nerabeak ere asko direla azaldu zuen. AEBetako Senatuari neurriak hartzeko eskatu dio, Facebooken eragina kontrolatzeko. Wall Street Journal-ek argitaratu zuenez, enpresak berak aitortu du Instagram «toxikoa» dela gazteentzat, «bereziki neskentzat».

Horrez gain, urriaren 4ko itzalaldiak agerian utzi zuen zer arrisku dituen milioika pertsona eta enpresaren baliabide teknologikoak enpresa pribatu gutxi batzuen eskuetan uzteak. Orain unibertso osoak sortzeaz ari direla entzuteak ez du kezka baretuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.