Emaitzak

Tubacexek 32,4 milioi euro galdu ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan

Iazko epe berean 11 milioi galdu zituen, baina datozen hilabeteei begira «baikor» dagoela esan du Arabako konpainiak.

Langile bat, Tubacexera itzultzen beharrera. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2021eko urriaren 29a
10:54
Entzun

Tubacexen galerak handituz doaz. Iazko lehen bederatzi hilabeteen aldean, galera horiek halako hiru dira jadanik aurten, eta zuloa 32,4 milioi eurora iritsi da. Baina konpainiak «baikortasuna» helarazi du datozen hilabeteei begira, batik bat baduelako horretarako arrazoi bat: eskaera poltsa. Arabako hodi egileak jakinarazi du 500 milioi euroren kontratuak dituela zain, eta horrek geroa bermatu beharko luke.

Dena den, emaitzek enpresaren egoera ahula islatu dute, urteko hirugarren hiruhilekoan ere areagotu egin baitira galerak: 4,7 milioi galdu zituen iazko uztailetik irailera, eta bikoiztu egin ditu aurtengo epean: 9,1 milioi. 2020ko azken zatian eskaera gutxi sartu zirela dio konpainiak, eta horrek ondorio okerrak izan dituela 2021. urteko lehen erdian. Horiek hala, urteko lehen bederatzi hilabeteetan 246,4 milioi euroren salmentak egin ditu, %36,8 gutxiago, eta EBITDA bost milioikoa baizik ez da izan; 26,4koa izan zen iaz, urtarriletik irailera betiere.

«Zorionez, 2021eko erdialdean joera aldatzen hasi da, eta munduko merkatuen hobekuntza nabaritzen hasi gara», esan du Tubacexeko kontseilari ordezkariak, Jesus Esmorisek. Eskaera gehiago jasotzen ari da konpainia, «erritmo motelean, baina etenik gabe». Hala, urteko hirugarren hilekoan 86,4 milioi euroko fakturazioa izan du Tubacexek, bigarrenean baino %17,6 gehiago.

Joera positibo horrek bere hartan jarraituko duela uste du Esmorisek, energiaren merkatuetan inbertsioa suspertu egin delako, nahiz eta inflazioaren «aldagai negatiboak» egoera zamatu dezakeen. Izan ere, «saihetsezina» ikusten du konpainiak inflazio handiak prezioen igoera ekartzea bere sektorean ere.

Lan gatazka atzean uzten

Kontseilari ordezkariak uste du Tubacexek «rol garrantzitsua» izango duela deskarbonizazioaren prozesuan. «Energiaren sorkuntzak, garraioak eta biltegiratzeak erresistentzia handiko materialak behar dituztelako, tenperatura, presiora eta korrosioaren aurrean, edozein dela ere energia horien jatorria». Esmorisek esan du badituztela eskaera poltsan deskarbonizazioarekin lotutako zenbait kontratu.

Tubacexen egon den lan gatazka luzea atzean geratzen hasi da, eta ohiko jarduera berreskuratzeko bidean dira Laudio eta Amurrioko fabriketan. Azken hilabeteetako aldi baterako erregulazioak kentzen hasi da enpresa, jasotako eskaerei esker, baina langile batzuk erregulazioan daude oraindik ere; hain zuzen, Amurrion eta Laudion. Urriaren 5ean itzuli ziren planta horietara beharrera greba luzean egondako 129 kaleratuak. 236 eguneko lanuzte luzea izan zen, prozesu traumatikoa zinez.

Tubacexek egindako berregituraketak 35 milioi euro aurreztea ekarri dio kostuei begira, eta kutxan 135 milioi euro dauzka finantza mailako berregituraketa tarteko. Konpainiak dio baduela 2024an ordaindu beharko duen zorra kitatzeko likidotasuna. 2022an zorraren maila pandemiaren aurrekoa izatea espero du. Gaur egun zor finantzarioa 368,2 milioi eurokoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.