Emaitzak

BBVAk 3.311 milioi euro irabazi ditu, eta akzio berrerosketa iragarri du

EBZk baimena eman dio BBVAri 3.500 milioi euro erabiltzeko bere akzioak berrerosteko. Ia 3.000 langile kaleratzeak 696 milioi euroko kostua izan du irailera artean. 

BBVAko presidente Carlos Torres, eta bankuaren kontseilari ordezkaria, Onur Genç, artxiboko argazkian. MARIELI OVIEDO / EFE
Irune Lasa.
2021eko urriaren 29a
11:35
Entzun

Ia 3.000 langile kaleratu dituela edo kaleratzear dela, urtea oparoa doa BBVArentzat, eta horri igarriko diote bankuaren akziodunek ere.

Bankuak 3.311 milioi euroren irabaziak izan ditu urtarriletik irailera, nahiz eta 696 milioi erabili bere berregituraketa prozesurako, hots, kaleratzeen kalte-ordainetarako. Bankuaren arabera, Turkiako eta Espainiako emaitza kaskarrek ez dituzte lausotu Hego Amerikako eta Mexikoko merkatuan lortutako datu onak.

Bere emaitzen berri emateaz gain, BBVAk iragarri du Europako Banku Zentralaren baimena jaso duela bere akzioen zati bat berrerosteko.

Akzioen balioa handitzeko erabili ohi dira berrerosketa operazioak, eta, besteak beste, zuzendarientzako soldata pizgarriak handitzea izan ohi da haien ondorioetako bat, pizgarriak maiz akzioaren balio horri lotuta joan ohi direlako. BBVAk bere kapital sozialaren %10 berrerosteko baimena du orain, gehienez 3.500 milioi euro erabilita. Bankuaren administrazio kontseiluak jada erabaki du 1.500 milioi euroko erosketa bat abian jartzea.

Caixabank

Burtsak abegi ona egin die bai BBVAren emaitzei, baita berrerosketa iragarpenari ere. Aldiz, Caixabanken akzioak behera egin du merkatuan, nahiz eta bankuak jakinarazi 4.801 milioi euro irabazi dituela urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Emaitza horietan, dena den, kontuan hartu behar da Bankiarekin bat egiteko operazioak kontuetan izandako eragina (4.300 milioi euro gehitu dira). 6.452 langileren kaleratzea eragin duen doikuntzak, berriz, 1.521 milioi euroko ezohiko kostua gehitu du aurten Caixabanen balantzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.