Eurostat

Inflazioa %4,1era igo da eurogunean

Espero baino inflazio handiagok lausotu egin du euroguneko barne produktu gordinak hirugarren hiruhilekoan erdietsitako %2,2ko hazkundea.

Energia prezioak %23,5 igoera izan dute urrian eurogunean. PACO PAREDES / EFE
Irune Lasa.
2021eko urriaren 29a
13:09
Entzun

Analistek espero zutena baino gehiago handitu da inflazioa urrian eurogunean. Aurreikuspenek %3,7ko tasa iragarri bazuten ere, prezioen indizeak azkenean %4,1eko hazkundea izan du, 2008az geroztiko izandako igoerarik handiena. Energia eta elikagai freskoak bezalako osagairik aldakorrenak kanpoan uzten dituen azpiko inflazioak ere gora egin du, azken bi hamarkadatan ikusi gabeko %2,1eko tasara.

Eurostaten datuen arabera, energia prezioek %23,5 igoera izan dute urrian eurogunean. Askoz ere apalago, baina prezioak igo dira ere elikagaien, alkoholdun edarien eta tabakoaren prezioak neurtzen dituen arloan (+%2,2); industria salgaietan (+%2); eta zerbitzuetan (+%2,1).

Hain zuzen, Europako Banku Zentralak atzo aitortu zuen inflazioa aurretik uste baino gehiago igoko dela, eta uste baino denbora luzeagoan egongo dela goian, hornikuntza kateetan eskaria betetzeko dauden arazoen eta batez energia garestiaren erruz. EBZko presidente Christine Lagardek, hala ere, uste du inflazioa apalduz joango dela 2022. urtean zehar, eta epe ertaineko inflazio tasak ez duela gaindituko banku zentralaren %2ko inflazio helburua. Edonola ere, analista askok euroguneko interes tasen igoera bat aurreikusi dute 2022ko irail edo urrian.

Barne produktu gordina

Hirugarren hiruhileko euroguneko urriko hazkunde datuen aurrerapena ere zabaldu du gaur Eurostatek, eta, inflazioarekin ez bezala, BPGaren portaera analistek espero baino hobea izan da, hainbat herrialdeetan arinduz joan direlako COVID-19ari lotutako murrizketak.

Bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, %2,2ko hazkundea izan du euroguneko ekonomiak, eta %2,1ekoa Europako Batasunekoak; hala, aise gainditu du AEBen %0,5eko BPGa edota Txinaren %0,2ko igoera. Frantzian (%3) eta Italian (%2,6) sendoagoa izan da hazkundea, Alemanian (%1,8) eta Espainian (%2) baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.