Energia krisia

ELA: «Argindarraren kontrol publikoa berreskuratzeko aukera galdu da»

Espainiako Gobernuak argindar konpainien «xantaiari» men egin diola salatu du sindikatuak. Energia enpresen «defendatzailerik sutsuenak» izatea egotzi die EAJri eta Confebaski.

Argindar dorre bat. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko azaroaren 2a
18:39
Entzun

ELA sindikatuaren ustez Espainiako Gobernuak argindarraren kontrol publikoa berreskuratzeko aukera on bat galdu du azken asteetan. Argindar konpainiekin izandako negoziazioen emaitza ikustean iritsi da sindikatua ondorio horretara. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiaren iritziz, Espainiak «men» egin dio konpainien «xantaiari», eta haien irabaziak mugatzeari uko egin dio. Era berean, EAJk, Jaurlaritzak eta Confebaskek izandako rola kritikatu du, konpainien «defendatzailerik sutsuenak» bilakatu direlako. Horri aurre egiteko, sindikatuak hainbat neurri proposatu ditu, besteak beste, energia sektorea publiko bihurtzeko prozesua hastea eta %21eko BEZa behin betiko jaistea.

«Orain ikusi da zeinek agintzen duen hemen. Espainiako presidentea aldaketa txiki bat egiten saiatu zen, argindar konpainiek desafio egin zioten eta irabazi egin dute. Emaitza argi dago, Galanek 1; Sanchezek 0». Lakuntzak oso modu grafikoan laburbildu du zer ikuspegi duen Espainiaren eta konpainien arteko negoziazioaz. Haren ustez, argi geratu da sektore estrategikoak ezin direla esku pribatuetan utzi, eta beste hainbat negoziaziotan «amore eman» izana leporatu dio Espainiari, hala nola etxebizitza legean, zerga politikan eta lan erreforman.

Lakuntzaren ustez, dena den, konpainien garaipenaren arrazoiak ez daude Madrilen bakarrik. EAJk eta Confebaskek haiek hauspotzea deitoratu du. Alderdi jeltzalea konpainien «defendatzailerik sutsuena» izan dela nabarmendu du, eta eskubideak «xantaiagile» batzuen esku utzi dituela: «Argindar enpresek politika egiten dute; gutxik bezala, gainera. Lobby bat baino gehiago dira. Arantza Tapiak, berriz, sindikatuek politika egitea ez du gustuko, bereziki gureak».

Confebasken inguruan ere oso kritiko mintzatu da, eta bere enpresak defendatzeko gai ez izatea leporatu dio Lakuntzak: «Argindar konpainiak ezin direla ukitu esan duen patronal bat dugu, jakinik bere kide asko prezio handiengatik sufritzen ari direla».
Sindikatuak onartu du argindarraren igoerak enpleguan eragin dezakeen kalteak arduratzen duela: «Kaleratzeak egiteko dituzten erraztasunak­ ikusita, bai. Badakigu enpresek nola konpontzen dituzten bidean aurkitzen dituzten trabak».

LABen kanpaina

LAB sindikatuak kanpaina bat jarriko du abian energiaren garestitzearen aitzakian kaleratzeak egin edo prekaritatea sakontzen saiatzen diren enpresak salatzeko. Haien kontura! lelopean, patronalaren «erasoari» aurre egiteko beharra ikusi dute, «Jaurlaritzaren onespenarekin» mozkinak handitzea ez den beste helbururik ez dutelako.

Iratxe Azkue eta Zorion Ortigosa LABeko industria federazioko kideek Sidenor eta Arcelor Mittalen ereduak jarri dituzte euren kezka azaltzeko, argindarraren prezioarengatik jarduna eten duten bi altzairutegi. Gogoratu du, esaterako, Sidenorrek azken lau urteetan 103 milioi euro banatu dituela akziodunen artean, eta galdetu dute «bidezkoa» al den orain langileek jasatea lan espedientea. Arcelorrek, berriz, azaldu dutenez, azken hamahiru urteetako emaitzarik onena lortu zuen iaz, eta altzairua argindarra baino gehiago garestitu da.

Sindikatuko kideek salatu dute multinazionalek ireki dutela bidea, baina patronala aukera baliatzen ari dela «eskubideak murrizteko». Fenomeno hori, gainera, ustez suspertze ekonomiko fase batean gertatzen ari dela nabarmendu dute, eta enpresek, hala ere, «barra librea» dutela neurri traumatikoak hartzeko: «Uste bat orokortzen ari da: industrian arazoren bat eragiten duen arrazoiren bat badago, beti langileek ordaindu behar dute».

LABen iritziz, argindar konpainiek industria erabili dute erakunde publikoei xantaia egiteko, eta ustez erabiliak izan direnek ere haien mesedetan baliatu dute krisia. Era berean patronalak eta erakunde publikoek deslokalizazioaren alde eginiko lana kritikatu dute, eta politika horiek direla egun enpresa asko jasaten ari diren lehengaien hornidura arazoen oinarria. Adibide gisa, Mercedes eta Volkswagen aipatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.