Lan merkatua

Afiliatuen kopuruak konfinamenduaren aurreko maila gainditu du

Urrian, beste 1.623 lagunek utzi diote langabe izateari, eta dagoeneko pandemiaren aurretik baino gutxiago dira. 9.555 langile daude oraindik aldi baterako erregulazioan

Bilboko Lanbide bulegoaren ataria, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO, EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 3a
09:24
Entzun

Hogeita bat hilabete behar izan ditu Hego Euskal Herriko lan merkatuak konfinamenduak eragin zion txikiziotik suspertzeko. Kopuru handietan behintzat, 2019ko otsaileko mailara iritsi da, bai langabe kopuruan, bai langile kopuruan. Urriak COVID-19ak eragindako krisiaren aurreko egoerara itzultzeko azken bultzada eman du, langabe kopuruaren jaitsierari (-1.623) batu diolako Gizarte Segurantzaren afiliazio kopuru handi bat (+17.622). Datuak «oso positiboak» direla nabarmendu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, nahiz eta onartu duen ostalaritzan artean ez dela krisi aurreko enplegu guztia berreskuratu.

Langile bakoitzaren egoera pertsonala alde batera utzita, ifrentzu kolektiboak ere badaude: 25 urtetik azpikoetan langabezia pandemiaren aurretik baino handiagoa da egun, ELAk eta LABek gogorarazi dutenez.

Langabezia: urtebetean, 26.822 gutxiago

SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, 150.557 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbiden eta Nafar Lansaren, irailean baino 1.623 gutxiago, eta iazko urrian baino 26.822 gutxiago. Espainian ez bezala, ohikoa da urrian langabe kopurua jaistea: hala egin du urtero 2015az geroztik, 2019an izan ezik. Jaitsiera iazkoa baino nabarmen apalagoa da (-5.524), baina kontuan hartu behar da 2020ko urrian konfinamenduaren shock-etik suspertzen ari zela ekonomia.

Urriko jaitsierari esker, langabe kopurua azkenean heldu da pandemiaren aurretik zuen mailara; are gehiago, 2020ko otsailean baino 657 langabe gutxiago daude erregistratuta. Urrun du, ordea, azken hamarkadako maila, 2019ko ekainekoa (141.719).

Lurralde guztietan jaitsi da langabe kopurua, baina gehiago Nafarroan (-560) eta Gipuzkoan (-510), eta gutxiago Bizkaian (-375) eta Araban (-178). Gainera, azken bi lurralde horietan dute langabezia tasarik handiena (%12,5). Hegoaldeko batezbestekotik (%11) behera daude, berriz, Nafarroa (%10) eta Gipuzkoa (%9).

Sektoreei erreparatuta, bada alderik. Uzta batzuen bilketaren eta arrantzaldi nagusien amaierak langabezia handitu du lehen sektorean (+441), eta hilabete apalak izan dira industrian (-222) eta eraikuntzan (-178), hornidura arazoak direla medio. Ondorioz, zerbitzuei (-1.336) eta enplegurik gabekoei (-328) zor zaie langabeziaren jaitsiera.

Emakumeen artean gehiago jaitsi da langabeen kopurua, baina artean sexu horretakoak dira langabeen erregistroan daudenen %57,2. Horrenbestez, haien artean %13,1koa da langabezia tasa, eta %9,5ekoa da gizonen artean.

Erregulazioak: 1.780 langile gutxiago

Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioaren arabera, urriaren amaieran 9.555 langile zeuden ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan. Hilabete bat lehenago baino 1.780 gutxiago dira, eta kopururik txikiena aldi baterako erregulazioen formula modu masiboan erabiltzen hasi zenetik. Gainera, egun osoko erregulazioan daudenak ez dira %55 era iristen, besteak ordu batzuetan bakarrik baitaude. 2022ko otsailera arte bederen bide hori erabili ahal izango dute enpresek unean uneko zailtasunei aurre egiteko enplegua suntsitu gabe.

Afiliazioak: hezkuntzaren bultzada

Urria lan handiko hilabetea izan ohi da Gizarte Segurantzako Hego Euskal Herriko bulegoetan, udan kotizatzeari uzten dioten milaka lagun berriro afiliatzen baitira. Hezkuntza da gorakada horren arduradun nagusia, sektore horretan ohikoa bilakatu baita uztailean eta abuztuan milaka langile kalean uztea, udako oporrak ez ordaintzeko; kurtsoa hasten denean, berriz, berriro kontratatzen dituzte. Hori gertatu da aurtengo urrian ere, indar handiz gainera, 17.622 afiliatu batu baitira Gizarte Segurantzara. Edonola ere, enpleguaren hazkunde osoa ezin zaio hezkuntzaren dinamikari egotzi, irailean berreskuratutako afiliazioak (+5.374) batuz gero azken bi hilabeteetan gehitutako 23.000 afiliazioak udan galdutakoen halako bi direlako.

Kontratuak: %92, aldi baterakoak

Kontratazioen edalontziari desberdin begiratzen diete gizarte eragileek. Erdi hutsik ikusten dute sindikatuek, nabarmendu baitute urrian sinatutakoen %92 izan direla aldi baterakoak. Confebaskek, berriz, erdi beteta ikusi nahi du, eta horregatik aipatu du aurten kontratu mugagabeak gehiago handitzen ari direla aldi baterakoak baino.

Langabezia saria: %55ek, ezer ere ez

Aldi baterako erregulazioan daudenen kopurua txikitu ahala, txikitzen ari da langabezia sariek estalitako langileen kopurua ere. Dagoeneko %55,5ek ez dute eurorik jasotzen, eta %25,36k, soilik sari arrunta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.