Lan erreforma

Egungo kaleratze erraz eta merkeei eutsiko die Espainiako Gobernuak

Madril prestatzen ari den lan erreformak ez du ukituko kaleratzeen esparrua, Yolanda Diez Lan ministroak aitortu duenez. CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok erantzun dio "kaleratzeak mugatu" egin behar direla

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, atzo, Madrilgo Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
xabier martin
2021eko azaroaren 4a
11:35
Entzun

Negoziazio betean dira Espainiako eragile sozialak eta gobernua, hil honetan bertan adosturik beharko lukeen lan erreforma gauzatzeko, baina dagoeneko forma jakin batzuk hartzen ari da testua. Esaterako, egungo lan araudiak finkatzen duen kaleratze merke eta errazek bere hartan jarraituko dute. Hala aitortu du Yolanda Diaz Lan ministroak azken orduetan. «Kaleratzeak ez ditugu ukituko gobernuaren akordio batez».

Horrekin batera, Diazek azaldu du «teknikoki» ezin dela indargabetu PPren gehiengo absolutuarekin onartutako 2012ko lan erreforma, baina «behin-behinekotasunaren eta prekaritatearen aurka» esku hartu behar duela gobernuak, eta aldaketak egin daitezkeela egungo araudian. Adibidetzat jarri du, hain zuzen, gaixo baimena duen langile baten kaleratzea debekatzeko asmoz gobernuak egin zuen aldaketa.

Bada, dagoeneko sindikatuen erantzuna jaso du Diaz ministroak. CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok esan du "kaleratzeak mugatu" egin behar direla, eta "barne malgutasunerako neurriak" ezarri behar direla enpresek kontratuak haustera jo ez dezaten arazoak iristen direnean. "Ez gaude ados gobernua esaten ari denarekin. Kaleratzea baliabide gisa erabil ez dezaten oztopo gehiago jarri behar dira. Kaleratzea librea eta merkea bada, enpresek kaleratzeak egiteko joera naturala dute".

Diazek onartu du langileentzat lan erreforma «oso gogorra» egin zuela PPk, eta orain «babes mekanismoak» jarri behar direla indarrean, eta negoziazio kolektiboa «orekatu» egin behar dela. Oreka horrek ultraaktibitatea berriro mugagabea izatearekin hasi beharko luke, urtebetekoa baztertuz, eta itunak betetzeari uzteko enpresen pribilegioa baliogabetuta; baina ministroa ez da sartu eduki horietan, ezta sektoreko eta enpresako itunen lehentasunean ere.

Ezaguna da CEOE patronalaren marra gorri bat dela lan hitzarmenen prebalentzia ez ukitzea, multizerbitzu enpresa handietan beren itunak aplikatzen jarraitu nahi dutelako eta ez sektorekoak, soldata merkeagoei eusteko. Diaz ministroak esan du langile asko prekaritatean bizi direla eta Caritasera jotzen dutela. «Jasangaitza da, lotsagabea», esan du. Prekaritateari aurre egiteko, Lan Ministerioa kontratazioaren behin-behinekotasun handia apaldu nahi du, enpresa baten aldi baterako kontratuak gehienez lantaldearen %15era mugatuz. Muga hori, ordea, sektoretik sektorera aldatuko dela segurutzat jotzen zuten atzoko elkarrizketa sozialerako mahaiko zenbait iturrik.

«Akordio bat lortu arte», ez da altxatuko

Edonola ere, kontratuen menua murriztu nahi du Madrilek, Diaz ministroak berretsi duenez. Hezkuntza alorrarekin lotutakoak mugatuko ditu, hasteko. Espainian, behin-behinekotasun tasa handia dago, %25ekoa, eta Hego Euskal Herrian ere oso handia da: sektore publikoan %40era iristen da kontratu finkoez besteko kontratazioa, Europako handiena. Lan merkatuan arrakala handia eragiten ari da aldagai hori. Langile finkoek pilatzen dituzte baldintzarik onenak, eta, haien aldean, behin-behineko kontratuarekin jarduten dutenek gehiago nabaritzen dute prekaritatea. Dualtasun hori bukatu nahi du Espainiako Gobernuak, baina ikusteko dago berdintzea goitik edo behetik egingo duen; alegia, kontratuen menu berrian, aldi baterako kontratuak finko bihurtzean, oraingo finkoen baldintza berak izango dituzten ala kontratu finkoek eskubideak galduko dituzten.

Edonola ere, lan erreformaren inguruan «akordio bat lortu arte» ez da mahaitik altxatuko Yolanda Diaz, baina akordioa oso garesti dago. CEOEk atzo esan zuen langabeziaren azken datu onek indarrean dagoen lan araudiaren malgutasunean dutela oinarria, eta ez dago prest negoziazio kolektiboan PPk eman zion abantaila handia besterik gabe galtzeko. "Dena hobetu daiteke", esan du gaur CEOEko presidente Antonio Garamendik, baina erantsita "Europak aipatzen ez duen edukiak" ari dela hizpide hartzen gobernua. "Ezustea" hartu du Garamendik "duela hilabeteko paper bera" ikusi zuenean berriro atzo elkarrizketa sozialerako mahaiaren gainean. "Ez dakit gobernua koordinatu den ala ez, baina oran dela hamabost eguneko paper berarekin jarraitzen dugu".

Izan ere, Madrilgo gobernuak garbi dauka aldi baterako kontratuak egiteko baldintzak gogortuko dizkiela enpresei, eta kontratu finko etenak sustatu. Diaz ministroak jakinarazi du behin-behinekotasunaren abusuaren aurkako zigorrak gogortuko dituztela. Bistan da: CEOE lan erreforma aldatzeko akordio batera erakartzea ez da erraza, baina lan ministroak ez du amore ematen: «Erreformaren azken fasean gaude, eta akordioa egin dezakegula ikusten ari naiz. Aldeek nahi badute, akordioa egongo da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.