Aljeria-Maroko

«Estatu terrorismoa» egitea leporatu dio Aljeriak Marokori

Aljeriako Atzerri ministroak salatu du eskualdeko eta Mendebaldeko Saharako segurtasuna «arriskuan» jarri dituela Rabatek.

Maerokoko Atzerri ministro Naser Burita. Rabatek ukatu gin ditu Aljerren salaketak. /. MOHAMMED SIALI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 5a
11:23
Entzun

Tentsioa ez da baretu Marokoren eta Aljeriaren artean. Joan den asteazkenean Aljeriako hiru kamioi gidari hil zituen Marokoko armadak bonbardaketa batean, Mendebaldeko Saharan. Egun berean Aljerrek ohartarazi zion Rabati hilketa ez zela zigorrik gabe geratuko. Gaur, beste pauso bat eman du Aljerrek, eta «estatu terrorismoa» baliatzea leporatu dio auzoko herrialdeari, eta ohartarazi du eskualdeko segurtasuna «arriskuan» jarri duela Marokok bere jarrerarekin.

Aljeriako Atzerri ministro Ramtane Lamamrak nazioarteko hainbat erakunderi bidalitako idatzi batean egin ditu akusaziook. Gutuna jaso dutenak dira NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres, Afrikako Batasuneko Batzordeko buru Moussa Faki Mahamat, Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abul Ghei eta Elkarlan Islamikorako Erakundeko idazkari nagusi Jussef ben Ahmed al-Ozaimin. Idatzietan Lamamrak nabarmendu du gertatutakoa «onartezina» dela edozein ikuspuntutatik begiratuta ere: «Estatu okupatzaileak armamentu sofistikatu eta hilgarria erabiltzea merkataritza ibilgailuak geldiarazteko, hain zuzen, berak eskubiderik ez duen lurralde batean aurrerantz ihes egitea da, eta berehalako arriskuan jartzen ditu Mendebaldeko Saharako eta eskualde osoko egonkortasuna».Marokok ukatu egin ditu bere aurkako salaketak, eta atzo komunikabideei egindako adierazpenetan esan zuen «harreman ona» duela auzokide guztiekin.

Abuztuan piztu zen bi estatuen arteko tentsioa, Aljeriak harreman diplomatikoak eten baitzituen. Horretarako emandako argudioen artean zegoen, besteak beste, Mendebaldeko Sahararekiko gatazka amaitzeko urratsik egin ez izana. Marokok ez zituen onartu Aljerrek leporatutakoak, eta gezurra esatea egotzi zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.