Enpresak

Siemens Gamesak 627 milioi euroren galerak pilatu ditu aurten

Lehengaiak garestitu izanaren ondorioz, nabarmen murriztu ditu irabazi marjinak. 2024ra arte atzeratu du errekuperazioa.

Zamudioko multinazionalaren haize errota bat, Bilbon. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 5a
19:53
Entzun

Etorkizuneko sektore bat izanagatik ere, ez dira momentu ona pasatzen ari. Haize erroten ekoizleentzat urte txarra izaten ari da 2021a ere. Siemens Gamesak 627 milioi euroren galerak pilatu ditu aurten, eta aurreikuspenak ere ez dira onak. Zamudioko konpainiak ostiral honetan aurkeztu ditu 2020-2021 urte fiskaleko emaitzak. Iazko zenbakiak hobetu ditu, duela urtebete diru gehiago galdu baitzuen (918 milioi euro), batez ere, konfinamenduaren eraginagatik. Baina aurten ez halakorik egon, eta beste industria batzuek izan duten susperraldirik ez du ezagutu taldeak, sektoreak berezkoak dituen ezaugarriengatik eta koiunturazko arrazoiengatik.

Izan ere, garestia da haize errotak egitea eta instalatzea, eta are gehiago izaten ari da aurten, lehengaien prezioen igoera handiaren ondorioz. Autogintzan mikrotxipekin bezala, gertatzen ari da altzairuarekin haize erroten sektorean: asko behar da, eskari handia dago, eta ia %60 garestitu da haren prezioa.

Horrekin batera, Siemens Gamesak azaldu du bere kasuan teknologia maila eta tamaina handiagoko haize errotak egiten ari dela, 5.X. onshore edo lurreko errota plataforma berriarekin, eta horrek ere handitu dituela produkzio kostuak. Horrez gain, energia eolikoaren prezioen merkatzea ere aurka du sektoreak. Bezeroek asko estutzen dituzte prezioak eta konpetentzia handia dago. Horrek guztiak errentagarritasun edo irabazi marjinak murriztu ditu.

Glagowera begira

Siemens Gamesa haze erroten erreferenteetako bat da nazioartean. eta horren erakusle da esku artean duen lan zorro handia. Baina horrekin ez du aski irabazietara itzultzeko. Azken urtean 12.185 milioi euroren eskariak jaso ditu, eta 32.542 milioiren lanak ditu egiteko, urtebete lehenago baino %7,5 gehiago. Batez ere lurreko errotetan izan du hazkunderik handiena (+%16), eta zerbitzuetan ere iazko zifrak hobetu ditu (+%9); offshore edo itsasokoetan, aldiz, behera egin dute (-%15).

Epe motzera begira, egoera «zaila» izaten jarraituko duela uste du konpainiak, hornidura kateko arazoengatik. Salmentak jaistea aurreikusten du 2022rako, -% 2 eta -% 7 artean. Epe luzera, ordea, aurreikuspen «sendoei» eusten diela azpimarratu du; dena den, urtebete atzeratu du irabazietarako itzulera, 2024-2025 urterako: %8-10eko hazkundea iragarri du ordurako.

Egungo egoera delikatua izan arren, sektorearen eta enpresaren etorkizunari buruz baikor azaldu da Andreas Nauen kontseilari ordezkaria. Energia eolikoak «potentzialitate handia» duela gogorarazi du, eta Galgoweko COP26 goi bileran parte hartzen ari diren agintariei eskatu die energia berriztagarriak bizkortzeko neurriak bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.