Enpresak

CAFek berrituko ditu Kairoko metroko trenak

Beasaingo konpainiak 180 milioi euroren kontratua lortu du Egiptoko hiriburuan.

Kairoko metroko bagoi bat. CAF
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 8a
13:03
Entzun

Kairoko metroaren kudeaketaz arduratzen den NAT enpresa publikoak CAF Taldea hautatu du metroko 1. linean zerbitzua eskaintzen duten 23 unitate birgaitzeko. Proiektuak metro-unitateen birgaitze integrala, Kozzikako mantentze lanetarako depositu berria birgaitzeko lanak eta bi urtez aipatutako unitateen mantentze jarduera jasotzen ditu. Kontratuaren balioa 180 milioi euro ingurukoa izango da, eta FIEM funtsen (Enpresa Nazioartekotzeko Funtsak) bidez Espainiako finantzaketa izango du.

NATek Kozzikan dituen instalazioetan berrituko dituzte trenak. Depositu hori eraiki berria da, eta Kairoko metroko 1. lineako sareari konektatuta dago.

Trenen elementu nagusienak modernizatuko dituzte —besteak beste, trakzio sistema—, eta haien segurtasuna eta eskuragarritasuna hobetuko, bezeroentzat erosoagoak izan daitezen. Aire girotua ere jarriko dute.

Lan horiek Mitsubishi Corporationekin elkarlanean egingo dira, hark eraiki zituelako trenak. CAFek nabarmendu du gero eta lankidetza handiagoa duela Japoniako enpresarekin.

Kairoko metroa 1987an inauguratu zuten, eta Afrikako eta Ekialde Erdiko zaharrena da. Gaur egun hiru linea ditu abian, eta eraikitze fasean dagoen beste laugarren bat. Zehatzago esanda, birgaituko dituzten trenek funtzionatzen duten 1. lineak 35 geltoki ditu 44 kilometroko ibilbidean, eta Egiptoko hiriburua zeharkatzen du El Marg auzotik hasi eta hiriaren hegoaldean dagoen Helwan eremuraino.

Gaur egun, Egipto garraio azpiegiturak eta sistemak handitzeko eta hobetzeko asmo handiko plan batean sartuta dago. Bigarren linea ere berritzeko asmoa dute, eta dagoeneko egin dute lehen akordioa lan hori CAFek eta Mitsubishik egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.