PORTUGAL

Portugalgo hainbat militar atxilotu dituzte, nazioarteko droga eta diamante trafikoarekin lotuta

Afrika Erdialdeko Errepublikatik drogak, urrea eta diamanteak Europara eramatea leporatzen zaie. Rebelo de Sousa presidentearen ustez, gertatutakoak ez dio armadaren «prestigioari» eragingo.

Portugalgo armadako lau soldadu, maniobra batzuk egiten. MIGUEL A. LOPES / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 9a
12:45
Entzun

Nazioarteko droga, diamante eta urre trafikoko sareekin, eta kapitalak zuritzeko jardunarekin lotura dutelakoan, Portugalgo Polizia Judizialak armadako gutxienez hamar kide atxilotu zituen atzo. Poliziak kaleratutako oharraren arabera, atxilotuen artean daude komandanteak eta komandante ohiak, eta susmopean daude delituzko talde bat osatzea egozten zaielako, NBE Nazio Batuen Erakundearen bidez Afrika Erdiko Errepublikan egindako misioak baliatuta.

TVI telebista kateak zabaldu duenez, susmopean dauden militarrek drogak, urrea eta diamanteak eramaten zituzten Afrika Erdiko Errepublikatik Europara, ikuskatzen ez ziren hegazkin militarretan. Diamanteen kasuan, horiek Belgikara eramaten zituzten lehorretik, gero han saldu zitezen. Ikertzaileen susmoa da, gainera, militarrek dirua zuritzeko eskemak garatu zituztela bitcoinak erosita.

Oraingoz dozena bat inguru atxilotu dituzte, baina operatiborako ehun bat bilaketa agindu eman ziren. Lisboa hiriburua dago operazioaren erdigunean, baina, besteak beste, Porton, Bragantzan eta Vila Realen ere egin dituzte bilaketak.

Portugalgo jarduneko Defentsa ministro Joao Gomes Gravinhok adierazi duenez, 2019aren amaieran eman zioten sare horien berri, baina, atzo nabarmendu zuenez, ez zekien horiekin lotura zuten militarrak dozena bat inguru zirenik. 2020aren hasieran kasuaz azalpenak eman zizkion NBEri. Augusto Santos Silva Atzerri ministroarentzat, gertatutakoak ez du Portugalen «nazioarteko irudia» kaltetuko. Marcelo Rebelo de Sousa presidentearentzat, ez dio armadaren «prestigioari» eragingo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.