koronabirusa

Sagarduik ohartarazi du txertatu gabekoek lau aldiz arrisku handiagoa dutela ospitaleratuak izateko

Oraintxe, 30 gela daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan.

Txagorritxuko ospitalearen sarrera, artxiboko irudian. JON RODRIGUEZ / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 9a
13:48
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak pandemiaren bilakaeraren eta haren ondorioen berri eman du gobernu bileraren ondoren egindako prentsaurreko batean. «Kutsatze asko» daudela nabarmendu du, eta hori osasun sistemari eragiten ari dela, nahiz eta ospitaleetan ez duten ondoriorik sumatu oraingoz.

Haren hitzetan, egoera iaz edo duela hilabete batzuk baino hobea da, baina hobea ere izan liteke. Aurreko goraldien modukorik ez izateko gakoa txertoa izaten ari dela ziurtatu du, eta txertatzera animatu ditu herritarrak. Ohartarazpen bat ere egin du: Sagarduiren esanetan, COVID-19a duen txertatu gabeko norbaitek lau aldiz arrisku handiagoa du ospitaleratua izan behar izateko txertoa hartua duen batek baino. Zehazki, adierazi duenez, txertorik hartu ez dutenen artean, kutsatutako 100.000 pertsonatatik hamabost ospitalera eraman behar izaten dituzte; txertatutakoen artean, berriz, lau.

30 ikasgela itxita

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek COVID-19a ikasgeletan zenbat eragiten ari den jakinarazi du. Hark emandako datuen arabera, guztira 30 gela daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan: hogei Gipuzkoan, sei Bizkaian eta lau Araban. Haren esanetan, intzidentzia handiena dagoen herrietan itxi behar izan dute gela gehien: «Adibidez, Astigarragan bost gela itxita dauzkagu».

Eskoletako intzidentzia aurreko urtekoarekin ezin dela konparatu esan du Bildarratzek —orduan, 192 ikasgela zeuden itxita—, baina astez aste igotzen ari dela kopurua. Datu bat ematearren: duela astebete, azaroaren 2an, zortzi ikasgela baino ez zeuden itxita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.